Kale garbiketa zerbitzurako arduradun lanpostua bete nahi du Udalak

2016/12/19
Card image cap
Hautaketa prozesuan parte harteko eskaerak urtarrilaren 7ra arte aurkeztu daitezke

  Deialdia, larunbateko estatuko boletinean BOEn argitaratu zen, izena emateko 20 eguneko epea abian jarriz. 

  Oposizio lehiaketa irekiz beteko da udal plantillan hutsik dagoen kale garbiketako arduradun plaza. Lanpostura aurkezteko, eskola graduatua izan behar da, B gida-baimena eta produktu fitosanitarioen oinarrizko mailako aplikatzaile karneta ere bai. Euskarari dagokionean, 3.hizkuntza eskakizunaren maila izatea eskatzen da.

  Kale garbiketako arduradunaren zeregin nagusiak hauek izango dira: kale garbiketa zerbitzuan zehazten diren irizpide eta jarraibideak garatu, koordinatu eta betetzen direla begiratu; zerbitzurako hobekuntzak eta neurri zuzentzaileak proposatu; kale eta udal instalazioen garbiketaz arduratzen diren langileek behar dituzten bitartekoak eta ekipamenduak jartzeaz arduratu; saileko buruari hobekuntza teknikoak eta giza baliabideen hobekuntzak proposatu; herritarren kexak aztertu eta dagokionean neurri zuzentzaileak hartu; larrialdietan, elurte, uholde, haizete edota istripuetan esaterako, laguntza ematea; hildako animaliak erretiratu eta hiri eremuko konpost gune komunitarioen kudeaketan laguntzea, besteak beste.

  Kale garbiketako arduradun lanpostuari dagozkion oinarriak urriko Osoko Bilkuran onartu ziren, baita deialdia egitea ere. Oinarriak, oso osorik azaroaren 23ko Gipuzkoako Aldizkarian argitaratu ziren eta deialdi-iragarkia berriz, larunbateko BOEn. Horren arabera, izena emateko 20 eguneko epea abian jarri da. Hautaketa prozesuan parte hartzeko interesa dutenek, eskaera udal bulegoetan aurkeztu behar dute urtarrilaren 7ra bitartean.

  Lanpostua, lehiaketa-oposizio sistemaz beteko da. Azterketaldian hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte hautagaiek, azterketa teoriko eta praktiko bana, elkarrizketa eta hizkuntza maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarazkoa ere bai. Lehiaketaldian berriz, duten formazio osagarria eta lan eskarmentua baloratuko da.

  Urriaren 1az geroztik udalaren eskura itzuli den kale garbiketa zerbitzurako hainbat langile kontratatu ziren iraila amaiera aldera. Orain, zerbitzuko arduradun lanpostua betetzeko prozedura da abian dena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!