Kale garbiketa zerbitzuaren inguruko bilera informatiboa egingo du Udal Gobernu Taldeak

2016/01/19
Herritar guztiei irekitako bilera, Kultur Etxean egingo da gaur 19.00etan

  Udal Gobernu Taldeak kale garbiketaren inguruan FCC enpresarekin eta langileekin izan diren hartu-emanen berri publikoki azaldu nahi du, kaleratu den auzia argitzeko asmoz. Horretarako, bilera informatibo irekia deitu du arratsalderako.

  Hedabideetara zabaldutako prentsa-idatzian Udalak, FCC enpresarekin izan duen harremanaren berri zehatza ematen du. Kale garbiketa zerbitzua FCCren esku uztea erabaki zen 1998ko otsaileko Osoko Bilkuran. Baina ordutik hainbat kontratu urraketa egon dira enpresaren aldetik. Zerbitzurako eskuratu zen makineria  2008an amortizatuta zegoen arren, hiru urte beranduago oraindik Udalari fakturatu egiten zitzaion. Zerbitzuan gertatutako bestelako arazoek eta kontratuaren ez betetzeak hainbat zigor eragin zituzten eta 2013an, berez 2018ra artekoa zen kontratua bertan behera utzi zen. Baldintza berriak hitzartu ziren baina horiek ere bete ez zirenez, 2016ko irailean behin betiko amaituko da Udalak FCC enpresarekin duen kontratua.

  Legez, kale garbiketa udalek bete behar duten oinarrizko zerbitzua da eta Oñatiko udalak, zerbitzuaren zuzeneko kudeaketa berreskuratzea erabaki zuen azken Osoko Bilkuran. Urritik aurrera hasiko da zuzeneko kudeaketa hori.
Udal Gobernu Taldearen esanetan, zuzeneko kudeaketak zerbitzua eraginkorragoa izatea ekarriko du, Udalak zuzenean kontrolatuko baitu. Lanpostu gehiago sortuko dira eta ekonomikoki jasangarriagoa izango da zerbitzuaren BEZa eta enpresaren irabazia saihestuko direlako. Udal Gobernu Taldeak zerbitzu publikoetan sinesten duela azpimarratzen du prentsa-oharrean.

  Lanpostuei ere erreferentzia egiten zaie idatzian, Udalak zerbitzua zuzenean eskaintzeko jardun osoko 10 lanpostu berri sortuko dituela adieraziz. Lanpostu horiek betetzeko edozein herritarren konkurrentzia edo lehia eskubidea bermatzea ezinbesteko  baldintza direla azpimarratzen du gobernu taldeak.  Zentzu honetan, hainbat langile ordezkariren diskurtsoa salatzen du, kontratazio publikoaren atzeko atea parez pare irekitzeko eskatzen dutenean. Hori ez baita ez legezkoa ezta bidezkoa ere gobernu taldearen esanetan. Dena den, Udala gertu dago, ahal den neurrian, malgutasunez jokatzeko eta hala adierazi ei zaie hasieratik kale langileen ordezkariei.

  Orain arte eman diren urrats guztiak herritarrei zuzenean adierazteko, Udal Gobernu Taldeak bilera informatiboa antolatu du gaur. 19.00etan Kultur Etxean izango da. 

Iturria: Oñati Irratia