Kale garbiketa zerbitzua hobetzeko hitzarmen berria adostu du udalak FCC enpresarekin.

2013/11/07
Orain arteko kontratua baino %13 garestiagoa izango da baina makinaria berria erosi eta langile gehiago jartzea ekarriko du. Gainera, indarrean zegoen kontratuaren iraupena nabarmen mugatu da.

  Oñatiko kale eta auzoen garbiketa zerbitzuari dagokion orain arteko kontratua 1998an sinatu zuen udalak FCC enpresarekin. Hasieran, 10 urtetarako sinatu zen kontratua, aldeak ados egonez gero, 10 urteko epetan luzatu daiteke, gehienez ere, 50 urtera arte.

  Azkenaldian dena den, zerbitzuaren kalitateak okerrera egin duela eta udal gobernu taldeak gaia zuzentzeko bilerak egin ditu enpresarekin zerbitzuan dauden gabeziak aztertu eta betetzeko. Egingo diren hobekuntzak, horrek kontratuaren aurrekontuan izango duen garestitzea baina aldi berean kontratuaren iraupenari buruzko murrizketa azken Osoko Bilkuran aurkeztu zen eta udalbatzak aho batez onartu zuen.

  Makinaria berria ekarriko da eta langile gehiago jarriko dira kale garbiketa lanetan. Aurrerantzean, garbiketa maiztasuna handitu egingo da, erdigunea egunero, auzoak astean hirutan eta industrialdeak hilean behin garbituz. Araotz eta Arantzazuko zakarrontziak husteko ardura izango dute eta auzo eta industrialdeak kale-garbiketa makinaz garbituko dira. Fatxaden garbiketa bestalde, 10 lanaldiko egingo da, ura eta hondardun makinak erabiliz.

  Asteburuetako zerbitzua ere hobetuko da. Zapatutan, merkatuko hondakinak jaso eta ingurua garbituko da eta igande eta jai egunetan kaleak, makinaz, urez nahiz eskuz garbituko dira, hiru langile eta erdi arituko direlarik.
Makinariari dagokionean, kalea garbitzeko makina berri bat, neguan elurra kendu eta gatza zabaltzeko ere erabili ahal izango den pick up bat, bi porter eta 6 haizagailu erosiko dira.

  Egokitze eta berrikuntza horien truke udalak, urtean, 473 mila euro gehi BEZa ordainduko dio FCC enpresari. Hau da, orain arte ordaintzen zuena baino %13 gehiago.

  Osoko Bilkurak baldintza berriak onartuta, bi urteko kontratua egingo da FCC enpresarekin, 2015. urte bukaerara arte. Eta zerbitzuarekin ados egonez gero beste 3 urtez luzatu daiteke baina orain arte indarrean zegoen 10 urtenaka 50 urtera arte luzatzeko aukera nabarmen mugatuta.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Kontzejupetik aldizkaria