Kale Barria eta Atzeko kaleko zamaketa ordutegia ere murriztu egin da.

2014/07/22
Bi kaleetako piboteak goizeko 9etan irekiko dira, Kale Zaharrean pasa den astean egiten hasi ziren bezala.

  Astebetean, erdiguneko oinezkoen hiru kaleetara zabaldu den neurria, Oñatiko Mugikortasun planean” jaso zen.

  Kale zaharrean aplikatzen hasi zen zamaketa ordutegi murriztua, Kale Barria eta Atzeko kalera hedatu da gaur. Kaleetako piboteak ordubete beranduago, 9etan irekiko zirela jakinaraziz oharrak atzo jarri ziren eta gaur goizean jada, ordutegi berria indarrean sartu da.

  Erdiguneko kaleetan motordun ibilgailuak gutxitzeko helburuarekin eta pasoko trafikoa murrizte aldera, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planean jaso zen proposamenetako bat da zamaketa lanetarako ordutegia murriztea. Kale Zaharra, Kale Barria eta Atzeko Kaleko errealitatea eta problematika ezberdina da. Pasa den astean aipatu genizuenez, Kale zaharrean, goizeko lehen ordutan auto asko aparkatzen dira baina ez zamaketa lanak egiteko, tabernara sartu eta kafea hartu edo gosaltzeko baizik. Horrek, benetan zamaketa lanetarako sartzen diren kamioi eta furgoneten bidea oztopatzen du. Kale Barria eta Atzeko Kalean ez da halako pilaketarik sortzen baina lehen ordutan apenas egiten den zamaketa lanik, bi kale hauetako denda eta lokalak 9ak arte ez baitira irekitzen. Beraz, kaleko piboteak lehenago zabaltzeak ere ez du zentzu handirik.

  Erdiguneko kaleetan pasoko trafikoa arintze aldera eta zenbait herritarrek bertatik pasatzeko duten ohitura bideratze aldera erabaki da oinezko hiru kaleetako zamaketa ordutegia egokitu eta murriztea. Eta pasa den astean Kale Zaharrean egiten hasi ziren bezala, Kale Barrian eta Atzeko kalean gaurtik aurrera jada, piboteak, 9etatik 12etara irekiko dira. Ordutegia berria abuztu amaierara arte mantenduko da. Gero, ikasturtea hasterako moldaketa txiki batzuk egin beharko direla adierazi digu Udaltzain-buruak. Kontu egin behar da udaltzainak goizeko 9ak laurden gutxietatik 9:05-10 arte ikastetxe inguruetan izaten direla trafikoa bideratzen. Beraz, ezinezkoa lukete piboteak 9etan irekitzea. Lehentasuna, ikastetxe inguruko segurtasunak duenez, piboteen irekiera ordua pitin bat moldatu beharko da 15 minutuz edo, aurreratu edo atzeratuz. Hori dena den, datozen asteetan erabakiko dute udal arduradunek. Bitartean, gogoratu, pasa den astean Kale Zaharrean egin zen bezala, aurrerantzean, Kale Barrian eta Atzeko Kalean ere, piboteak, goizeko 9etan jaitsiko direla.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala