Kale Barria 5 eraikina eraistea eta su detektagailuak jartzeko kanpaina Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/02/11

  33 gaiko lan zerrenda gertatu da arratsaldeko bilerarako. Ohikoa denez, gehienak, hirigintza eta zerbitzuak atalari dagozkionak dira. Kale Barria 5 zenbakidun eraikina eraistearen gaia da horietako bat. Aipatu eraikina egoera txarrean dago eta  ingurua zintaz itxi beharra izan da sarritan teilatu nahiz hormetako harri eta zatiak kalera jausteko arriskua zegoelako. Orain, eraikina eraitsi asmo da eta horretarako eskaera aurkeztu da udaletxean.

  Segurtasunarekin erlazionatuta su detektagailuak jartzeko 2016ko deialdia ere aztergai izango da gaurko bileran. Gaia ongizate zerbitzutik eramango da. Izan ere, Udalak bakarrik edo bikotearekin bizi diren 80 urte edo gehiago duten herritarrei zuzenduta, etxean su detektagailuak jartzeko aukera eskaintzen baitie. Udala arduratzen da detektagailuak jarri  eta hauen mantenu gastuaz.  Baita eskaera egin duten herritarren etxean sua sortzeko arrisku guneak identifikatu eta larrialdi ebakuazio batetarako krokisa zehazten duen txostena osatzeaz ere.  Urtero egiten den kanpaina da eta 2016ko deialdia orain abiatzeaz eztabaidatuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Era berean, eta ongizate zerbitzuetatik bideratuta, ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta sarrera urriak dituzten emakumeei diru laguntzak emateko 2016ko deialdia zabaltzea eta gizarte zerbitzuen arloko elkarteei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko deialdia ere aztertuko dira gaurko bileran, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia