Justizia transizionala eta konponbide politikoak aztergai dira Lege Soziologia Institutuan

2016/07/14
Euskal Herria eta Ipar Irlandako kasuak bereziki jorratuko dira

  Unibertsitatean gaur hasi den mintegian parte hartzen duten 23 adituetako batzuk Euskal Herria, Ipar Irlanda, Inglaterra edota Hego Afrikako ikerlariak dira. Alegia, gatazka egoera gogor bat bizi eta horixe bideratzeko adostasun politikorako prozesuan murgilduta dauden herrialde ezberdinetako adituak. Gizartearen berrantolaketa prozesu horretan justizia transizionalak duen lekua aztertzen ari dira.

  Justizia transizionala konpromiso legal eta politiko baten emaitza da, gatazka eta errepresio egoera batetik irteten ari den gizarteak duen justizia behar eta egarriari erantzun ahal izateko. Ohiko justizia eta zuzenbide penalaren sistematik haratago dauden mekanismoez baliatzen da justizia transizionala.

  Unibertsitate zaharrean gaur hasi den mintegiaren helburua zera da, ea nola aplikatu daitezkeen justizia transizionalari dagozkion diskurtso eta tresnak akordio politikoen arloan. Eta ea justizia transizionalaren mekanismo eta ideiak konponbide legal eta politikorik eskaintzen ote duten bere ohiko eremutik kanpo.

  Ipar Irlanda eta Euskal Herriaren egoera bereziki aztertuko dira mintegian. Bertan hartu diren edo hartu daitezkeen akordio politikoak aztertuko dira konstituzionalismoa eta justiziarekin erlazionatuta. Bai espainiar estatuaren ikuspegitik eta baita Europa edo Afrikako testuinguruan ere. Europar testuinguru horretan, Europar Batasunak eragin garrantzitsua dauka Euskadi eta Ipar Irlandako egoera ekonomiko, politiko eta legalean. Horri, Erresuma Batuan, Europar Batasunetik irteteko egin den erreferendumaren emaitzak sortu duen erronka eransten zaio. Baina gaiarekin erlazionatutako beste eztabaida batzuk ere ekarriko dira mahai gainera, Katalunia, Eskozia edo Euskal Herriko bertako autodeterminazio eskaerak, esaterako. Gaurkotasun handiko gaia beraz, gaur eta bihar lege soziologia institutuan eztabaidatzen ari direna.

Iturria: Oñati Irratia