Joseba Arregi preso dagoen Alacanteko Villena espetxera martxa egingo da abenduaren 19an

2015/12/01
Card image cap
Parte hartzeko izen ematea zabalik dago

  Bi ekintza berezi egingo dira abenduan Oñatiko Ernaik antolatuta: Alacanteko Villena espetxera martxa eta herriko presoei bidaliko zaien argazki erraldoia ateratzea. Helburua, gazteak beren konpromisoarekin espetxeetara herritarren elkartasuna helaraztea da.

  Ekintza nagusia eta dagoeneko abian dena, abenduaren 19an Alacanteko Villena espetxera egingo den martxa da. Joseba Arregi oñatiarra Villenan dago preso. Kartzela inguruan, txalaparta jo, kontzertua eskaini eta bertsoak kantatu asmo dira herritarrari elkartasuna modurik beroenean helaraziz. Martxan parte hartzeko izena, Arrano, Boga, Ona edo Ongi tabernetan eman behar da. Horretarako azken eguna abenduaren 16a izango da.

  Era berean, presoen auzia konpontzeko konpromisoa hartzen duten gazteen argazki erraldoia egingo da. Hitzordua, abenduaren 12an, arratsaldeko 19.30tan Ona taberna aurrealdeko plazatxoan egin da. Ahalik eta gazte gehien bildu asmo da presoei herritarren elkartasuna helarazteko. Izan ere, ateratzen den argazki erraldoi horren kopiak bidaliko zaizkie Oñatiko presoei.

  Herrian antolatu diren bi ekintza hauezaz gain, Oñatiko Ernai taldeak bat egin du urtarrilean egingo diren manifestazioekin. Presoen eskubideak aldarrikatuz, urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan manifestazioak egingo dira eta bertara joateko deialdia ere egin du Oñatiko Ernai taldeak.


Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!