Jose de Azpiazu musika eskolak dultzaina eta atabala irakasteko baimena jaso berri du Hezkuntza Sailetik

2015/06/10
Ikasturte honetan eskaini diren bi espezialitateak sendotzea da helburua

  Jose de Azpiazu musika eskolan eskaintza zabaltzen jarraitzen dute. Hala, 2014-2015 ikasturtean dultzaina irakasten hasi dira. Bost ikasle aritu dira horretan. Baina jada praktika zena ofizial bihurtuko da ikasturte berrian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailak hartarako baimena eman berri baitio. Dultzaina ez ezik, honi eta txistuari laguntzen dien atabala espezialitatea ere ofizialki irakatsi ahal izango da musika eskolan 2015-2016 ikasturtean.

  Gasteizek eman berri duen baimen honi esker, Jose de Azpiazun ikasi daitezken musika tresnen eskaintza gehiago osatzen da eta ikasleen aldetik zegoen eskariari erantzun ahal izango zaio. Ikasturte honetan dultzaina irakasten aritu diren bezala, atabala ere landu baitzitekeen baina perkusio espezialitatearen baitan. Aurrerantzean, atabala bera izango da aparteko espezialitatea.

  Jose de Azpiazu musika eskolan 2015-2016 ikasturterako matrikula epe ofiziala itxita dagoen arren, izenak jasotzen jarraitzen dute. Ikasturte berrirako plangintza ez dute egin oraindik eta horrek, ikasle gehiago hartu eta hauen beharretara egokitzeko bidea ematen du. 4 urtetik gora, adin mugarik gabe, musika eta musika tresna ezberdinak landu nahi dituzten guztiek hartarako aukera dute Jose de Azpiazu eskolan. Iraileko lehen 15 egunetan ere izango da izena emateko aukerarik, baina orduan jada, ikasleak plangintzan finkatu geratu diren ordutegietara moldatu beharko du. Informaziorako, egokiena, musika eskolatik pasa edo bertara telefonoz deitzea da: 943.783174 zenbakira.

  2015-2016 ikasturte berrian, ia ohikoak diren piano, txirula, tronboi edo gitarraz gain, dultzaina eta atabala ere ofizialki ikasi ahal izango dira Jose de Azpiazu musika eskolan.

Iturria: Oñati Irratia

Dultzaina ikasten