Oñatiko udala

Jolasak eta euskal kantak entzungai Oñati irratian Txaloka ludotekaren eskutik

2012/04/24
Irratsaioak Apirilak 25 / Maiatzak 9 eta 23 / Ekainak 6 eta 20 izango dira.

IRRATSAIOAREN  ZERGAITIA ETA HELBURUAK

Jolasaren garrantzia

    Patxadarik gabe bizi garen garai hauetan gero eta zailago zaigu haurrak jolasteko tokia eta denbora aurkitzea eta ahaztu egiten zaizkigu horrek gure haurrengan dituen ondorio txarrak. Haurrarentzat jolasa behar naturala da. Jolasaren bidez, haurrak ezagutza eta gaitasun ugari jasotzen ditu oharkabean beraz, haurrak garapen osasuntsua izan dezan, behar-beharrezkoa du jolastea.

Helburuak

    Irratsaio honekin, jolasteko dei berria egin nahi dugu. Helburu nagusia batetik, euskarazko kantak eta jolasak berreskuratzea, hedatzea eta gizarteratzea da, eta bestetik, ondo pasatuz, haurrekin jolasteko tokia eta denbora aurkitzea, eskaintzea.

Eskaintza

    Horretarako, haur txikientzat kantak eta jolasak proposatzen ditugu: sehaska kantak, altzoan abestekoak, besoetan kantatzekoa, animazio jolasak, esku eta txalo jolasak, laztanak eta kili-kiliak, sendatzekoak…Beraz, mota askotako abesti eta jolasak joango gara aurkezten gurasoek haurtxoekin abesteko eta haurrak elkarrekin jolasteko. Batzuetan antzinako abestiak izango dira, herriko kantuei txoko berezi bat eskainiz, eta besteetan jolas eta kanta berriak; batzuk ezagunak, eta beste batzuek ez hain ezagunak.

Hizkuntzarekin jolasten

    Hainbat jolas landuko ditugu eta abestiak ere ikasiko ditugu. Azalduko dugu jolas hauek zer adin tartetakoekin egiteko diren egokiak. Baina ez dugu ahaztu behar jolasak egokitu, aldatu eta moldatu egin ditzakegula….Adin tartera egokitu daitezke errazago bihurtuz edo zailtasun gehiago sartuz. Hizkuntzarekin jolastea ere oso ona izaten da, adibidez:

    - Letra aldatu
    - Elementu osagarriak sartu: txaloak, saltoak, geldialdiak…
    - Tonuarekin jolastu: barrez kantatu, triste kantatu, haserre kantatu…
    - Erritmoarekin jolastu: mantso kantatu, azkar kantatu, mantso hasi eta azkar bukatu…

    Honekin nahi duguna da ere, jolasa euskararen normalizaziorako tresna izatea.

Lehengo irratsaio, apirilaren 25ean izango da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!