"Jazarpen abertzalea" salatu du Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak zapatuko "Fan Hemendik" Egunaren harira

2016/06/20
Espainiako gobernuaren "pasibotasuna" ere kritikatu du

  AEGC, Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak zapatuan jazarpen abertzalea jasan izana salatu du eta Espainiako gobernuaren pasibotasunarekin gertatu zela kritikatu du. "Fan Hemendik" egunaren harira, larunbatekoa umiliazioa eta probokazioa izan zela adierazi du polizien elkarteak bere web atarian. Eta iaz salatu zuten bezala, Espainiako gobernuaren pasibotasunaren eta babes faltaren aurrean haserrea adierazi nahi dutela diote oharrean. Era berean, gobernuko ordezkariak Oñatira gerturatu behar zuela diote, protestaren tamaina bertatik bertara ikusi eta guardia zibilez arduratzeko. Kuartela babesik gabe utzi izana ere salatzen da idatzian, inguruan udaltzain edo ertzainik ez zegoela gaineratuz.

  Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak babes osoa adierazi die Oñatiko guardia zibilei, eta bereziki beren familiei. Gainera, ohartarazi du protesta egin zutenek ez zutela kontuan hartu Guardia Zibilak borrokan jarraitzen duela euskal enpresariek iraultza zerga ordaindu ez dezaten eta pertsona gehiago kontratatu ditzaten.

  Seigarren "Fan Hemendik" eguna egin zen larunbatean. Arratsaldeko manifestazioan ehunka lagunek parte hartu zuten guardia zibila eta Espainiako indar polizialak herritik joan daitezen eskatuz. Eta joate hori sinbolikoki irudikatu zuten, guardia zibilez jantzitako papina globo bati lotu eta aireratuz.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Goiena)