Oñatiko udala

Jaixak direla eta, Txaketuaneko bidegurutzea eta Unibertsitate etorbidea tarteka itxi egingo dira gaur arratsalde-gauean.

2012/09/28
Domekan, sokamuturra kalebarria eta Atzeko kalera zabalduko dela eta oinezkoentzako pasabide babestua egokituko da.

  Jaixak tarteko segurtasun neurri bereziak hartuko ditu udaltzaingoak eta kultura batzordeak.
Udaltzaingoari dagokionean, jende pilaketa aurre ikusten den leku eta unetan trafikoa moztu egingo da. Gaur konkretuki, bi momentutan gertatuko da hori: Txantxikuaren Jaitsieran eta Danborrada garaian.

  Bi une horietan, Txaketuaneko bidegurutzea eta Unibertsitate aurrealdea trafikorako itxi egingo dira. Bakardadeko ama kaletik behera datozen ibilgailuak Portu kalerantz edo San Anton kalerantz bideratuko dira eta Postetxe aurrealdetik doazenak berriz, saihesbiderantz. Trafiko mozketa horiek puntualak izango dira eta printzipioz, gaur arratsalde-gauean gauzatuko dira. Jai egitaraua begiratuta ez dirudi asteburuan zehar bide mozketa berririk egin beharko denik.

  Domekan, hori bai, kalebarria, Atzeko kale eta Kirrineko kantoiko bizilagunek sokamuturra bi kale eta kantoi horietara zabalduko dela kontutan hartu beharko dute.

  Udal ordezkariak, inguruko bizilagun eta dendari nahiz tabernariekin egon dira eta sokamuturrak irauten duen bitartean, oinezkoentzat hesiz babestutako pasabidea izango dela adierazi zaie. Hala, bebarruetarako akzesoa ziurtatuta izango dute. Denda eta lokal jabeei berriz, erakusleihoak babestuko direla ere jakinarazi zaie. Sokamuturra hasi aurretik, udal langileak arduratuko dira eskaparateetako kristalak paperez estaltzea. Horrela, zezenak bertan ez dira islatuko eta ez dute kristalaren kontra joko.

  Sokamuturrean parte hartzeko 16 urte edo gehiago izan behar direla azpimarratzen da kultura departamentutik. Domekako sokamuturra, arratsaldeko 5etatik 7 eta erdietara egingo da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!