Jaietan segurtasun neurri bereziak hartuko dira

2015/09/25
Card image cap
Erdigunean tarteka trafiko mozketak izango dira eta sokamuturrean babes neurri bereziak

  Jaietan segurtasun neurri bereziak hartuko ditu Udaltzaingoak eta Kultura Udal Departamentuak.

  Udaltzaingoari dagokionean, jende pilaketa aurre ikusten den leku eta unetan trafikoa moztu egingo da. Bihar larunbata, haurren danborrada garaian eta astearte nahiz asteazkenean, Txaketuaneko bidegurutzea tarteka itxiko da, beti ere, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera. Astelehenean  berriz, arratsaldeko 19.00tarako,  Aker taberna paretik behera ezin izango da autoz pasa. Errepidea, beste muturrean, Unibertsitate etorbideko errotonda parean itxiko da. Txantxikuaren jaitsieraren aurretik eta danborrada amaitu arte, aipatu pasabidea itxita egongo da.
Ondorioz, Bakardadeko ama kaletik behera doazen ibilgailuak Portu kalerantz edo San Anton kalerantz bideratuko dira eta Postetxe aurrealdetik doazenak berriz, saihesbiderantz.

  Irailaren 30an bestalde, Kale Barria, Atzeko kale eta Kirrineko kantoiko bizilagunek sokamuturra bi kale eta kantoi horietara zabalduko dela kontutan hartu beharko dute. Ramon Irizar kaletik Atzeko kalerako pasabidea, 16.00etan itxiko da.  Bizilagunen batek sokamuturra hasi ondoren etxetik irten edo sartzea  guztiz beharrezkoa badu, probaren zaintzaileekin harremanetan jarri beharko du eta zaintzaileak arduratuko dira seguru noiz irten edo sartu daitekeen esateaz. Sokamuturrak irauten duen bitartean bestalde,  lokaletako ateak eta leihoak itxita eduki beharko dituztela gogorarazten zaie inguruko tabernari eta dendariei. Udal langileak, erakusleihoak estaliko dituzte zezenek kristalen kontra jo ez dezaten.

  Sokamuturrarekin erlazionatuta bi ohar azpimarratu dira Kultura Departamentutik: 16 urtez azpikoek debekatuta dute parte hartzea eta zirkuitoan dauden babes elementuak sokamuturrean dabiltzanen segurtasunerako dira eta ez ikusleentzat. 

  Gogoratu bestalde, bihar, arropa eta ehunkien azoka Santa Marina plazan izango dela. Barrakak azoka gunean daudela eta, udalak hartutako erabakia da hori. Udazken-neguko denboraldiari dagozkion salmentak hasi berritan astero azokara etortzen diren saltzaileek ez dute Oñatiko zita galdu nahi eta ontzat eman dute udalaren erabakia.
Elikagaien azokak ez du inolako aldaketarik izango eta ohikoa denez merkatu plazan egingo da.

  Hondakinen inguruan ez da aparteko aldaketarik izango San Migel egunean izan ezik, Irailaren 29an ez baita bilketarik egingo industria-guneetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!