Izaera sozialeko gai ugari aztertuko dira gaurko Osoko Bilkuran.

2014/02/27
Errenta eta sarrera urriak eta familia kargak dituzten emakumeei diru laguntzak ematea, larrialdietarako udalaren etxebizitza erabiltzeko araudia edota, martxoaren 8ari begirako adierazpena aztertuko dira besteak beste.

  11 gai dira gaurko Osoko Bilkurarako zehaztu direnak, eta horietatik seik izaera soziala dute.

  Errekalde herri eskolako “kontserjearena” deituriko etxebizitza alokairura ateratzea edota larrialdietarako udalak prestatu zuen abegi etxebizitzaren barne araudia behin betiko izaeraz onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran.

  Ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta, gainera, errenta eta sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei zuzenduta diru laguntzak emateko prozedura aurkeztuko da. Diru laguntza hauek zuzenean eta  ebaluazio bakoiztu edo indibiduala eginda emango lituzke udalak. Horretarako prozedura zehaztu da eta oinarriak hasiera bateko izaeraz onartzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran.

  Laguntzak aipatuta, etxez etxeko laguntzak murrizteko Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen erabakiaren aurrean EAJk aurkeztutako mozioa aurkeztuko da arratsaldeko bileran.

  EH Bilduk bere aldetik, Euskal Herri Feminista eraikitzeko konpromisoa bere egiten duen martxoaren 8ko adierazpena azalduko du. Berdinatsunerako klausula proposamena onartzea ere eskatuko zaio gaurko Osokoan udalbatzari.

  Otsaileko plenoak gizarte izaera izango du nagusiki baina bestelako gai batzuk ere aztertuko dira. Hirigintza arlotik, esaterako, San Lorentzo auzoan irisgarritasuneko obren baitan hirugarren igogailua jartzeko martxan jarri zen desjabetze espedientea osatzeari buruzko argibideak emango dira eta San Martin sektoreko Plan Partziala aldatzeko Hitzarmena behin betiko onartzea proposatuko da. Arantzazu auzoan telebista seinalea jasotzeko duten arazoa konpontzeko auzotar batekin hitzarmena sinatzea ere aztertuko da.

  Ohikoa denez, osoko bilkura, arratsaldeko 7.30tan hasiko da eta zuzen zuzenean eskainiko dizuegu.

Iturria: Oñati irratia