IV. Kaligrafia jardunaldiak egingo dira uztailaren 20 eta 21ean Arantzazun Letraz Guneak antolatuta

2018/05/14
Joan Quirós adituak gidatuta ingeles kaligrafia tailerra egingo da

  EHUko Letraz  Diseinu Grafikoko Ikerketa taldeak eta Arantzazu Gaur Fundazioak elkarrekin antolatzen dituzten jardunaldi hauetan, kaligrafia ezberdinak ezagutu eta lantzeko aukera ematen da. Letra gotikoa, etzanak eta erromatarra landu dira aurreko urteetan eta aurten, letra ingelesa ezagutzeko aukera eskaintzen da, horretarako, Joan Quirós irakaslea gonbidatu dute.

  Zabalik dago jada kaligrafia jardunaldietan parte hartzeko  izen-ematea. Interesatuek, Gandiaga topagunera telefonoz deitu behar dute: 943.716575 zenbakira, 10:00tatik 14:00tara. Uztailaren 20an arratsaldez eta 21ean goiz eta arratsaldez luzatuko den kaligrafia jardunaldi hauetan plazak mugatuak dira eta parte hartzeko 120 euroko matrikula ordaindu behar da.

  EHUko Letraz ikerketa taldeak diseinu grafikoa eta tipografia jorratzen du. Arte Ederren fakultateko hiru doktorek osatzen dute: Leire Fernandez oñatiarrak eta Eduardo Herrera eta Maria Perezek. Talde honek hiru Letra sari irabazi berri ditu. Letra sariak inpresio digitalaren eta ikusizko komunikazioaren arloan estatuko saririk handienak eta ospetsuenak dira. EHUak 2016an Koloso Jurasikoak izeneko proiektuarekin Zientzia asteari hasiera eman zion eta, hain zuzen ere, proiektu horren promoziorako lanak Zilarrezko Letra saria eskuratu du. 2017ko Zientzia astea iragartzeagatik eta horren baitan antolatu zen eguzki sistemaren ibilbidea proiektuagatik beste bi hirugarren sari eskuratu ditu Letraz ikerketa taldeak. Maiatza hasieran iragarri ziren hiru sari hauek maila gorenean kokatu dute EHUko Letraz taldearen lana diseinu grafikoaren arloan.

Iturria: Oñati Irratia