Irungo URBYCOLAN enpresak egingo ditu Larrañako "ur uhinak parkea" eratzeko lanak

2017/04/03
Enpresak hainbat dokumentu eta abalaren ordainagiria aurkeztu beharko ditu esleipena behin betikoa bihurtu eta kontratua sinatzeko

  Hamar enpresen eskaintzak jaso ziren Larrañako ur uhinak parkea eratzeko. Kontratazio mahaiak aurkeztutako memoriak eta eskaintza ekonomikoen plikak irekita, emaitza eta puntuazioen berri kaleratu du. Horren arabera, Irungo Urbicolan enpresak lortu du puntuaziorik altuena eta ondorioz, behin behineko esleipena. Erabakia behin betikoa bihurtu dadin, dokumentazioa aurkeztu eta lanen behin betiko bermea ordaindu beharko du. Aipagarria da, Urbycolan enpresak bigarren puntuaziorik altuena lortu duen enpresari ia 6 puntuko aldea atera diola eta aurkeztu duen memoria teknikoa erabakigarria izan dela, irundarren eskaintza ekonomikoa 3. garestiena izan baita. Baina, alde horretatik lortu ez zituen puntuak, esan bezala, memoria teknikoaren balorazioan eskuratu zituen.  Larrañako ur uhinak parkea eratzeko lanok ia 324.000 eurotan egingo dira.

  Lanak, Lur Paisajistak enpresak osatu zuen proiektuaren arabera egingo dira. Batetik, hiru ur tanta irudikatuko duen gunea izango da. Gune honetan ur zorrotada eredu ezberdinak egokituko dira. Lurzorutik irteten diren zorrotadak izango dira nagusiki eta ur tanta eta ur uhinen ideia indartzeko, asfalto gainean zirkulu zuri kontzentrikoak margotuko dira. Bestalde, ibilbide bat egokituko da berdegunean, etorkizuneko osasun edo ariketa parkea jasoko duena. Aipatuta ibilbide hori beheko errepide nagusiaren aldameneko espaloiarekin eskailera bitartez elkartuko da. Eltzia aurrealdeko aisialdi eta ur jolasgune hau prestatzeko espaloia eta errepide zati bat hartuko dira. Ondorioz, alde horretako aparkalekuak desagertu egingo dira.

  Larrañako  ur uhinak  parkea eratzeko lanak hiru hilabeteko epean egin beharko dira. Apirilean hasita, uztailean amaitzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia