Iritsi da Saharara Oñatitik bidali zen eskola materiala

2016/06/07
Card image cap
Smarako Mahbes eskolako haurrek, motxila ugari jaso dituzte

  Nagusiki motxilak jaso baitziren, Saharara bidaltzeko  eskola materialaren artean. Furgonetaz eraman dira Oñatitik Smara probintziako Mahbes herriraino eta bertako ikasleen artean banatu berri direla jakinarazi digute bidalketaz arduratu den Hermansoloña G.K.E.ko kideek.

  Saharara bidali den materiala, ULMA Fundazioak helarazitakoa izan da nagusiki. Fundazioak, martxoa eta apirilean zehar ULMA taldeko kooperatiben artean elkartasun kanpaina egin zuen eta Saharara eramateko 2.000 kilo eskola material bildu zituen. Txantxiku ikastolan eta Soraluzeko herri eskolan ere antzerako material bilketa egin dute eta handik batutakoa ere Mahbesen dago jada.

  Hermansoloña G.K.E-ak hilabeteak daramatza herrian bizi den saharar talde batekin elkarlanean. Irailean, Oñatirekin anaituta dagoen Gleibat El Fulah dairara beste material mordoxka bat bidaltzeko asmoa dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!