"Interneten ere, lehen hitza euskaraz" egitasmoarekin bat egin du udalak

2017/05/18
Card image cap
Udaleko web atariak nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko bidea ematen du gaurdanik

  Guk jakin ez arren, gure ordenagailuko nabigatzaileak lehenetsitako hizkuntza erdarazkoren bat izan daiteke. Hala gertatzen da euskaldunen gehiengoaren artean, %80-90en artean. Interneten lehenengo hitza euskaraz emateko eta euskarazko edukiak lehenesteko nabegatzailearen nabigazio hizkuntza aldatu eta euskara jarri behar da. Horretarako aukera ematen du gaur goizetik udalek web atariak, www.oñati.eus atariak.

  Gure nabigatzailea euskaraz konfiguratuta badugu web orrian sartu orduko zorionak ematen dituen mezua agertuko zaigu. Hala ez bada, mezu bidez jakinaraziko digu eta lehen hitza euskaraz plugina instalatzeko bidea emango digu. Oraingoz Firefox eta Chrome nabigatzaileetan instalatzeko aukera ematen da baina laster Opera eta Edgen ere egin ahal izango da. Konfigurazioa egitea erraza, azkarra eta doanekoa da.

  Publikoki atzo aurkeztu zen Interneten ere lehen hitza euskaraz kanpainak internet nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzea sustatzen du. Webguneak garatzen dituztenak euskara kontutan hartu dezaten eta mugikor eta ordenagailuen sistemak euskaraz ere kaleratu daitezen. Horregatik, udaleko web atariak ordenagailuko nabigatzailea eta mugikorra konfiguratzeko aukerak eskaintzen ditu. Haratago joanda, webguneen garatzaileei ere, lehen hitza euskaraz kanpainarekin bat egiteko gonbidapena egiten zaie udaleko web atarian.

  Interneten ere, lehen hitza euskaraz proiektua PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax, Ikastolen Elkartea eta Kontseiluaren lankidetza proiektua izan da. Helburua, esan bezala, internet munduan ere euskarak lekua izan dezala da. Udalak, kanpainarekin bat egin zuen eta horren haritik, www.oñati.eus atariak edozein erabiltzaileren nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko bidea eskaintzen du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!