Inor ez da aurkeztu udaltzain lehena bi plaza betetzeko deialdira

2017/02/21
Card image cap
Bigarren deialdi bat egingo da euskal erkidegoko udal guztietara irekita

  Udaltzain lehena plaza hauek barne promozioz bete asmo ziren eta horretarako Oñatin udaltzain diren karrerako funtzionarioei zuzendu zitzaien lehenengo deialdia. Otsailaren 9ra arteko epea zehaztu zen izena emateko baina ez zen hautagairik aurkeztu, nahiz eta, udal plantillan, baldintzak betetzen dituzten 10 udaltzain dauden. Deialdia hutsik geratu dela ikusita, hautaketa prozesua bertan behera uztea erabaki zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean. Era berean, bigarren deialdi bat egiteko tramiteak hastea ere erabaki zen.

  Bigarren deialdiak barne promozio izaera izango du baita ere baina euskal erkidegoko udal guztietako udaltzainei irekita egongo da. Horretarako, baldintzetan aldaketa batzuk egin beharko dira, hasieran, Oñatiko udaleko karrerako funtzionarioei mugatu zen deialdia gainontzeko udaletako karrerako funtzionarioei irekiz. Aldaketa horiek egitea ordea, Osoko Bilkurari dagokio eta halaxe proposatuko da etziko plenoan.

  Urtarrilean kaleratu ziren udaltzain lehena bi plaza hauen hautaketa prozesura aurkezteko oinarrizko bi baldintza bete behar ziren: agente kategorian zerbitzu aktiboan egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunaz eta Oñatiko udaleko karrerako funtzionario izatea. Bigarren baldintza hori aldatu beharko da deialdi berria egin aurretik. Bestelakoan, euskarari dagokionean, 3. hizkuntza eskakizunaren maila eduki eta B gida baimena izatearen baldintzak ere, bere horretan mantenduko direla pentsatzekoa da. Baina xehetasunak, ostegunean egingo den otsaileko Osoko Bilkuran zehar emango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!