Inor erroldatuta ez dagoen 212 etxe-jabeei, ondasun higiezinen zergan %100aren errekargua aplikatuko zaiela jakinarazten duen abisua argitaratu du udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

2013/04/10
Jakinarazpena eskura eman ezin izan zaien herritarren zerrenda da.

  Legez, udala behartuta dago halako aldaketen berri zuzenean interesatuei jakinarazten. Prozedurak dio, egiaztagiria birritan eskura eramaten saiatu behar dela eta lortzen ez denean, publikoki jakinarazi behar dela. Eta horixe da oharra Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratuta egin dena. Publikoki, etxean topatu ez dituen etxe jabe horiei, ondasun higiezinen zergan ehuneko 100aren errekargua aplikatuko zaiela jakinarazten zaie. Bide batez, eta abisua jaso dutenaren konstantzia izan dadin, udal bulegoetatik pasatzeko eskaera egiten zaie.

  Dakizuenez, udalak, inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei dagokien ondasun higiezinen zerga bikoiztuko die. Berez, halako 526 kasu zerrendatu ziren eta horien jabeentzat dagokien jakinarazpena idatzi prestatu zen. 300 pasatxo eskura eman dira baina 212 etxe jabe ez dira etxean topatu. Gutuna buzoian utzi zaien arren, jaso dutela egiaztatu behar da. Edo gutxienik, horretarako bide guztiak urratu direla. Oharra, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea da udalak eskura duen azken bitartekoa. Aldizkarian gaur kaleratu da 212 etxe jabe horien zerrenda baina pasa den astetik jada, udaletxeko iragarki taulan ere ikusgai dago. Ez hori bakarrik. Neurriak bere eragina izan du eta zenbait etxe jabe udal bulegoetatik pasa dela esan digu gaiaren ardura duen langileak.

  Besteei, ahalik eta azkarren pasa daitezen eskatzen zaie, batetik,  jakinarazpena jaso dutela egiaztatzeko eta bestetik, ordenantza fiskaletan zehaztu ziren salbuetsitako egoeran egonez gero, hori adierazteko eta errekargua kentzea eskatzeko. Ondasun higiezinen gaineko zerga kobratzen maiatzaren 15ean hasiko da udala, baina zergadunen zerrenda eta bakoitzari ordaintzea dagokiona apirilaren 22rako jakinarazi behar zaio Foru Ogasunari. Dokumentu horretan aldaketaren bat egin behar bada beraz, hilaren 22a baino lehen egin behar da.
Tramite guzti horiek udal bulegoetan egin behar dira, astelehenetik ostiralera, 9etatik ordu bietara.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!