Inor erroldatu gabeko etxebizitza hutsei "errekargua" jarri izanak emaitzak ematen hasi da

2016/11/15
Card image cap
Etxebizitza hutsen kopuruak behera egin du eta sortutako diru poltsatik, gazteen emantzipaziorako diru laguntza lerroa finantzatzen da

  Etxebizitza politika integralak garatzeko Udalek tresna gutxi dituztela aitortzen da gobernu taldeak zabaldu duen prentsa oharrean, gai horretan, eskumena Eusko Jaurlaritzari baitagokio. Hala ere, Udalek hirigintza antolatzeko eskumena dutenez, herrian egin beharko liratekeen etxebizitza berrien zenbatekoa eta ezaugarriak erabaki ditzakete eta hainbat neurri hartu ditzakete fiskalitateaz baliatuta. Fiskalitatea egokitzeko arlo horretan kokatzen du gobernu taldeak, Ondasunen Higiezinen Zergan errekargoa  aplikatzea inor erroldatu gabeko etxebizitzei. Neurri horrek helburu bat baino gehiago ditu: ohiko bizileku ez diren etxebizitzak alokairu merkatura bideratzea batetik, edota Oñatin benetan zenbat etxe huts dauden ezagutu eta etorkizunerako etxebizitza politikak diseinatzeko oinarri egokiak ezartzea, bestetik.

  Aipatu errekargua 2013an jarri zen indarrean. Lehen urtean, errekargua, 449 etxebizitzari aplikatu zitzaien eta aurten berriz, 342ri. Hau da, % 25 gutxiagori. Etxe hutsak, neurri handi batean alokairura bideratu direla ondorioztatzen du gobernu taldeak. Era berean, ongizate politika arloan, 30 urtez azpiko gazteei zuzenduta emantzipaziorako diru laguntza lerroa sortu dela aipatzen da gobernu taldearen idatzian. Azken urteetako eraikuntza burbuilaren ondorioz bereziki kaltetu den kolektiboa dela azpimarratzen da. 23 eskaera jaso dira aurten etxebizitzen alokairua arintzeko diru laguntzetarako. Eskatzaileen lautik hiru, 25 eta 30 urte bitartekoak dira eta emakumeak  eta gizonak erdi eta erdi, gutxi gora behera. Datu guzti horiek eskutan, fiskalitatean eragin ez ezik, politika aktiboen bidea emaitza onak ematen hasi dela azpimarratzen du udal gobernu taldeak prentsara zabaldutako idatzian eta hasieran polemika eta kritika sortu zuen errekargua, dirudienez, onartutzat ematen dela dio. Horren adierazgarri, 2017ko ordenantza fiskalak aho batez onartu izana aipatzen delarik.

  Aldatzen ari den egoera soziodemografikoak sortutako eskaera eta behar berrietara egokitzeko erronkan aurrera egiteko asmoa berresten du azkenik, udal gobernu taldeak, etxebizitzen inguruan osatu eta prentsara zabaldu duen oharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!