Indarkeria matxistaren detekzio, arreta eta erantzun instituzionala hobetzeko protokoloak onartu ditu udalak

2019/03/06
Udal mailako eta beste erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzea helburu duten hiru protokolo dira

  Otsaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu ziren hiru protokoloek indarkeria matxistaren detekzioa, biktimekiko arreta-zerbitzua eta erantzun publiko-instituzionala hobetzea dute helburu. Udaleko Berdintasun departamentua, Gizarte Zerbitzuak eta Udaltzaingoa eta Ertzaintza eta Osakidetzaren arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzea da onartu berri diren protokoloen helburua. Indarkeria matxista kasuen aurrean nola jokatu behar den garbi eduki eta biktimari ahalik eta arreta egokiena eskaini ahal izatea.

  Bi urteko lanaren emaitza dira dokumentuok. 2016an Oñatiko indarkeria matxistaren gaineko diagnostikoa egin zenean, era honetako tresnen beharra jaso zen, besteak beste. Hala, arlo horretan inplikatutako erakundeekin elkarlanean, eta genero indarkeria eta emakumeen ahalduntzean espezializatutako SORTZEN S.L. aholkularitzaren gidaritzapean, osatu dira onartu diren hiru protokoloak.  Ertzaintzaren eta Osakidetzaren gorengo organoek onartu beharko dituzte orain, indarrean sartu daitezen.

  Bitartean, udalak formazio eta informazio saioak egingo ditu indarkeriaren biktima diren emakumeekin eta indarkeria matxistaren detekzioan garrantzitsutzat jo diren agenteekin, protokoloen berri emateko. Anbulatorioko edo udaleko langileekin ez ezik, ikastetxeetako eta hezkuntza ez formaleko hezitzaileekin zuzenean lan egingo da. Sortzen aholkularitzaren dinamizazioa izango da prozesu honetan ere. Ondoren, bi koordinazio mahai eratuko dira. Batek protokoloen jarraipena eta ebaluazioa egiteko ardura izango du eta profesionalez osatutako bestea, indarkeria kasuen aurrean bilduko da.

Iturria: Oñati Irratia