Indarkeria matxistak adin-mugarik ez eta adierazpen modu ezberdinak dituela bistarazi nahi izan zen Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako egunean

2019/11/26
Card image cap
Hainbat ekintza izan ziren atzo eguerdi eta ilunkaran

  Jubilatu eta pentsionistek astelehenetan egin ohi duten elkarretaratzean indarkeria matxistak adinik ez duela azpimarratu zuten. Emakumezkoek eraman zuten atzo pentsionisten aldarrikapenak jasotzen dituen pankarta, plazan egin zuten biran. Eta emakume nagusien aurkako indarkeriak milaka aurpegi dituela azaldu zuten; soldata arrakala eta ondorioz, pentsioen arrakala edota emakume alargunek pairatzen duten diskriminazioa gogora ekarri zituzten.

  Oñatiko Sare Feministak ilunkaran antolatu zuen elkarretaratzean ere, indarkeria matxistak dituen adierazpen modu ezberdinak azaldu eta salatu ziren, iceberg-a irudi hartuta. Plazara bildutakoek, borobilean jarrita, elkarretaratzea egin zuten genero indarkeriaren aurrean, autodefentsa feminista leloarekin. Eta aldi berean, modu ageri edo ezkutuagoan baina identifikatzen dituzten indarkeria egoera anitzak idatzi zituzten propio prestatutako iceberg irudi-panelean. Antolatzaileak pozik agertu ziren jasotako erantzunarekin, herritar asko bildu baitzen atzo arratsalde-ilunkaran plazan, indarkeria matxista salatzera.

  Txantxiku ikastolako ikasle eta irakasleek berriz, indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako emakumeak omendu zituzten goizean. Hainbat jarrera matxisten inguruan hausnartzeko tartea hartu zuten lehenik, gelaka, eta ondoren, plazara irten ziren Euskal Herrian azken 5 urteetan indarkeria matxistak hildako emakumeak gogoratu eta omentzeko. Koloreztatutako aulkiak erabili zituzte horretarako; hildako emakumeen izenak irakurri ahalaz apaindutako aulkiak plastiko beltzez estaltzen joan ziren, emakume horien biziaren amaiera irudikatuz. Amaieran, aulki bakarra gelditu zen koloreztatuta eta “plastiko beltz gehiago jarri nahi ez zituztela eta emakume bat gehiago hilda ikusi nahi ez zutela” aldarrikatu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!