"Inaziotar lurraldea" ezagutzeko bisita teknikoa antolatu du Aldundiko Turismo departamentuak gaurko

2018/03/21
Gipuzkoako turismo profesionalek ingurua bertatik bertara ezagutzea da helburua

  Aldundiko Turismo departamentuak, EXPLORE SAN SEBASTIAN REGION turismo bulegoaren bidez, Eskualdeen Txokoa antolatu zuen iaz; Gipuzkoako eskualdeak aurkeztu zituzten bulegoan, eta turismo arloko profesional ugari hurbildu ziren hamar eskualdeko eskaintza ezagutzera. Aurten, formatua aldatzea erabaki da, eta Gipuzkoako turismo sektoreko profesionalei aukera emango zaie lurraldea eta haren eskualdeak, leku bereziak eta altxorrak bertatik bertara ezagutzeko.

  Bost bisita tekniko antolatu dira, lehena, gaur bertan Inaziotar Lurraldera, hau da, Oñati, Zumarraga eta Azpeitiara. Turismo arloko hainbat profesional, hainbat teknikari Urola Erdi eta Garaia eta Debagoiena bisitatzen ari dira. Bisita honetan, ibilbide bat proposatu zaie profesionalei Gipuzkoako historia eta ondare erlijiosoan barrena, Arantzazuko santutegia, Antioko ermita eta Loiolako santutegia elkar lotuz. Ibilbidean ezagutzeko modukoak diren turismo kulturaleko beste proiektu batzuei buruzko informazioa ere eman zaie, hara nola Arrikrutz eta Ekainberri kobazuloak edota Burdin Haranari buruzkoa.

  Apirilean, mendebaldeko euskal kostaldea –Urola Kosta eta Debabarrena– bisitatuko dira; maiatzean, landa paradisua: Goierri eta Tolosaldea; azaroan, ekialdeko euskal kostaldea: Bidasoa eta Oarsoaldea, eta abenduan, azkenik, sagardoaren lurraldea, Donostialdea bisitatuko da. Ekimen horren bidez, turismo sektoreko profesionalek lurraldea sakon ezagutzea nahi da, Donostiara iristen diren bisitariei lurraldeko beste leku batzuk aholkatzeko modua izan dezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Gipuzkoako turismo profesionalak Arantzazura etorri dira gaur