Ikuskatzaile-jakinarazle lanpostua betetzeko hautaketa prozesua abiatu du Udalak

2021/02/10
Izen-ematea martxoaren 2an itxiko da

  Udalak bete asmo duen lanpostu honi buruzko argibideak udal web gunean zintzilikatu dira, izena emateko epea irekiz, martxoaren 2ra arte.

  Udalak kontratatu nahi duen ikuskatzaile-jakinarazlea udaleko Hirigintza, Zerbitzuak eta Landa Garapen eta Ingurumen departamentuen esanetara arituko da; obrak nahiz hirigintzak arau-hauste salaketak ikuskatzen, auzoetako obra-inbertsioak ikuskatzen, auzokonpost guneetako jarraipen eta kontrola egiten, nahiz baratze parkearen jarduna jarraitu eta ikuskatu beharko ditu. Tabernetako terrazen eta zoru-publikoaren okupazioa eta asteroko azokaren jarraipena ere egin beharko du. Udalaren akordio eta erabakien jakinarazpenak egitea, Hirigintza batzordeak proposatutako errekerimendu edo baldintzen informazioa ematea ere egokituko zaio langile berriari, besteak beste.

  Ikuskatzaile-jakinarazle lanpostua oposizio-lehiaketa bidez osatuko da. Oinarrizko bi baldintza bete behar dira lanpostura aurkeztu ahal izateko: eraikuntza eta obra zibila arloko goi bmailako tiuluaren jabe izatea eta euskarari dagokionean, hirugarren hizkuntza eskakizunaren pareko maila egiaztatzea. Baldintza horiek bete eta hautaketa prozesuan parte hartu nahi duen orok izena eman ahal izango du datozen 15 egunotan, martxoaren 2a bitartean.

  Hautaketa prozesura aurkezteko eskaerak HAZ bulegoan presentatu beharko dira, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioa akademiko nahiz euskara mailaren egiaztagiriaren fotokopiarekin. Lehiaketa fasean baloratuko diren lan eskarmentu eta formakuntza osagarria egiaztatzen duten agirien fotokopiak ere erantsi beharko dira.

  Ikuskatzaile-jakinarazle lanpostua betetzeko oposizio fasean bizpahiru froga gainditu beharko dituzte hautagaiek: gai orokorrei buruzko azterketa teorikoa eta gai espezifikoei buruzko ariketa teoriko-praktikoa eta euskarazko maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, hizkuntzari dagokiona ere egin beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia