Oñatiko udala

"Ikimilikiliklik, JA Artzeren unibertsoa" multimedia erakusketa irekiko da gaur Gandiaga Topagunean

2016/11/11
Card image cap
Bihar bisita gidatua egin ahal izango da proiektuaren zuzendari Albeto Lizarralderekin

  Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa 70. hamarkadatik gaur egun arte Joxean Artzek egindako poesia-lanean murgiltzeko bidaia da. Mikel Laboaren Txoria txori, Gure bazterrak edo Zaude lasai abesti mitikoen egile delako da, besteak beste, ezaguna Artze. Baina XX. mendeko euskal artista berezienetakoa ere bada, eta hainbat alor artistikoetan gauzatutako obra ezezagunagoaren jabe ere.

  Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezko instalazioa da, ordu erdi inguru irauten duena. Autorearen azken berrogei urteetako obra ezagutaraztea da lanaren xedea, ikuslea, Artzeren mundua osatzen duten irudi, musika eta hotsetan barneratuz. Bideo-instalazioak Ikimilikiliklik bidekidekaria ikuskizunari zor dio izena, Joxean eta Jexux Artze-anaiek Mikel Laboarekin batera, 70. hamarkadan gauzatu zuten esperientzia artistikoari. Musika, poesia eta irudia biltzen zituen multimedia ikuskizun hark garaiko kultura-moldea astindu zuen, eta Veneziako 1976ko Bienalean ikusgai izan zen.

  Proiektua, San Telmo Museoak,  EHU-ko Mikel Laboa Katedrak eta Morgancrea-k sustatu dute. Erakusketa, lehenengoz, Donostiako San Telmo museoan aurkeztu zen iaz eta Usurbilen, Miarritzen eta Washingtonen ere egon da. Gurera, Arantzazu Gaur Fundazioaren eskutik iritsiko da. Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa gaur 18:00tan inauguratuko da eta hilaren 27ra arte egongo da Gandiaga Topagunean. Asteartetik ostiralera, 11.00etatik 14.00etara, eta larunbata, igande eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara. Erakusketaren xehetasunak ezagutu nahi dituztenek gainera, aukera paregabea izango dute bihar, izan ere, Carlos Rodriguezekin batera proiektuaren zuzendari den Alberto Lizarraldek bisita gidatua egingo baitu 17.00etan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!