Oñatiko udala

Iker Jausororen senitartekoei doluminak helaraziz eta alderdian nahiz udalean egindako lana publikoki eskertuz oharra kaleratu du Oñatiko EAJk

2017/03/08
Card image cap

  Iker Jausoro otsailaren 26an hil zen Ezcaray inguruko San Lorentzo mendian amilduta. Hori gogoan, Oñatiko EAJk oharra zabaldu du Jausorok alderdiaren alde eta udal arduretan hartutako konpromisoa eta lana eskertuz.

  Prentsa oharra, senitartekoei doluminak helaraziz hasten da eta ama, anaia, emazte, semeak nahiz gertuko lagunak espreski aipatzen dira.

  Halaber, Iker Jausoro alderdikidearen konpromiso ibilbidea errepasatzen da, gogoratuaz, 1995eko udal hauteskundeetarako hautagai izan zela, eta 1999-2003 legealdian berriz, EAJko udal gobernuko kide. Alderdikide gazterik egin zela eta Oñati eta oñatiarren alde ere, gazterik hasi zela azpimarratzen du EAJren oharrak. Hala, 1999-2003ko legealdian, Euskara eta Hezkuntzako batzorde burua izan zela gogora ekarri da prentsa oharrean eta bere zuzendaritzapean lehen aldiz martxan jarri zirela Oñatiko ikastetxeei diru laguntzak emateko ordenantza eta hezkuntza arloa kudeatzeko lehen udal teknikariaren kontratazioa. Era berean, aisialdi eta kiroletako begiraleek euskaraz jakitea oinarrizko baldintza gisa ezartzea lortu zuela eta etorkinen Bertakotze Programaren oinarriak ere finkatu zituela. Aipatutako ekimen guzti horiek gaur egun ere indarrean jarraitzen dutela azpimarratzen du Oñatiko EAJk. Horrez gain, Iker Jausoro, Ogasuna, Kirola eta Gazteriako batzorde-kide izan zela gogoratzen da eta Gaztelekuko kontseiluan ere parte hartu zuela. Garai hartan osatu zen honetako lehen parte-hartze kontseilua, gerora, Euskal Autonomia Erkidego mailan eredu bihurtu zena. Ur-Jauziak eta Oñatiko Etxegintza udal enpresa publikoen kontseilu-kide ere izan zela gogoratu da eskertza oharrean. Kargu guzti horien bitartez Oñati eta oñatiarren interesen alde egindako lana eta ekarpena aitortu eta eskertu nahi izan du Oñatiko EAJ, eta Eskerrik asko, Iker hitzez amaitzen da Oñatiko EAJko udal taldeak gaur publiko egin duen oharra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!