Ikastetxeetan dira 2015-2016 eskola agendak

2015/09/02
Herriko pertsonaiak, lekuak, kontu jakingarriak eta euskara oinarri dira aurtengo agenda ere

  Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean osatu dute ikasturte berriko eskola agenda. Aurrekoaren antzera lau gairi lotutako 50 esaldi aukeratu dira herriko pertsonaiak, lekuak, kontu jakingarriak eta euskara landu eta ezagutzera eman asmoz. Irudien egilea da 2015-16ko agendaren berritasunetako bat, Ilunpetan argazkizale taldeari eskatu baitzaio lana. Iluntasunetik argira ideiaren inguruan eta teknika ezberdinak erabiliz 10 argazki osatu dituzte. Azken bi urtetan herriko bi ilustratzaileak arduratu dira eskola agenda irudikatzeaz. Aipagarria da ordea, etorkizunera  begira ikasleen parte hartzea handitu asmo dela. Hala, Ilunpetan taldekoek formazio txiki bat emango diete ikasleei 2016-17 ikasturteko eskola agendan agertuko diren argazkiak sortu ditzaten.

  Eskola agendaren bigarren berritasuna koloreari dagokio, lau koloretan egin baita lehen aldiz. Iazkoak bi kolore bakarrik zituen baina argazkiek hala eskatzen dutelako eta produktua bera hobetzen joateko asmoak, kolore gehiago sartzea ekarri du.

  2015-2016 ikasturteko agendaren 1300 ale argitaratu dira eta eskoletara eraman dira jada, datorren astean ikasleen artean banatu daitezen. Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako herriko ikasleei agenda bana emango zaie. Batxilergokoei ere banatzea, ikastetxe bakoitzaren esku utzi da, aukeran.

  Laugarren urtea da Udalak eta herriko ikastetxeek halako agenda bateratua osatu eta argitaratzen dutela. Liburuxka nagusiki ikasleek erabili ohi dute baina irakasle eta gurasoek ere badute bere atala, oharrak elkarri jakinarazteko. Eskola agendak ia 6000 euroko aurrekontua izan du. Udalak, maketazio eta argitalpen kostua ordainduko du eta ikastetxeek, ilustrazio lana.

Iturria: Oñati Irratia