Ikastetxeen inguruko espazioak egokitzeko neurriei jarraipena emango zaie

2020/09/30
Eguraldi txarrarekin eraginkorrak diren frogatu nahi da

  Herriko ikastetxeek eta Udalak elkarlanean eskolen inguruko espazio publikoak egokitzea adostu zuten, Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak bermatu ahal izateko. Helburu nagusia ikasleen sarrera-irteerak modu mailakatu eta seguruan egitea zen, pilaketak saihestuz eta segurtasun-distantzia mantenduz. Irailaren 7an, ikasturtea hastearekin batera ezarri ziren neurrien balorazioa egin dute eta hartutako neurriak eraginkorrak izan direla ondorioztatu dute. Hartutako neurriek bere funtzioa bete dute eta erraztu egin dute haurren sarrera-irteera mailakatua eta segurtasun-distantzia mantentzea. Momentuz, beraz, ikastetxe inguruetan hartutako neurriei jarraipena ematea adostu da, eguraldi txarrarekin ere testatu ahal izateko. Urri amaieran berriro baloratuko dira eta beharra balego, egokitzapenen bat egin liteke, orain arte Elkar Hezi aurrealdean egin den bezala.

  Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxe aurrealdetan egin dira aldaketak. Txantxiku ikastolaren aurrealdeko zenbait aparkaleku plaza kendu eta oinezkoentzat bideratu dira. Urgain-Errekalde ikastetxeko sarrerako parkina oinezkoentzat gordetzen da eskola egunetan eta asteburuetan aparkatzea baimentzen da. Elkar Hezi ikastetxe aurrealdean berriz, Arantzazuko Ama kalea trafikorako ixten da Eroski supermerkatuko parkinaren sarbidetik Berezao auzoko bidegurutzeraino, astelehenetik ostiralera. Ondorioz, Arantzazuko bidetik edo Berezao auzotik doazen ibilgailuek saihesbidera jo behar dute herrigunera sartzeko.

Iturria: Oñati Irratia