Igogailua jarri eta eraberritzen ari diren San Lorentzoko goiko plazako argiteria aldatu egingo da.

2013/12/13
LED erako luminaria berriak jarriko dira.

  Auzoko hirugarren igogailua izango dena jarri eta plaza azpiko garajeetara urik sartu ez dadin zoruaren iragazgaitze lanak egin ez ezik, plazako argiteria hobetzeko lanak ere egitea erabaki du udalak. San Lorentzo auzoko 34, 35, 37, 38, 45 eta 47 zenbakien arteko plazaz ari gara. Plazoletan dauden sodio lurrunezko 6 luminarien ordez, LED erako 10 jarriko dira eta aterpeetan dauden 27 sabai argiak ere aldatuko dira, LED erakoak jarriz.

  Horrezaz gain argindar-koadro berria jarriko da eta bertan, argiteria erregulatzeko sistema adimenduna. Aldaketa guzti hauek eginda energiaren % 61 aurreztea lortuko dela kalkulatu dute teknikoak. San Lorentzoko hirugarren plazako argiontziak aldatzeko lanen aurrekontua, 30.000 euro pasatxokoa da.

  Udal gobernu taldeak lan hauek egitea onartu duen arren ez dira berehalakoan burutuko. Plazaren zoladura aldatu eta igogailua jartzeko obra aurrera doan heinean egingo baita. Otsaila-martxoa inguruan izango dela pentsatzen da.

  Kontu egin behar da orain berrituko den plaza horrek azpialdean garajeak dituela eta ez duela pisu handirik onartzen. Garabidun kamioi handirik beraz ezin da bertara sartu. Lan ezberdinetan diharduten langileek elkarri traba ere egin diezaiokete. Guzti hori gogoan hartu da, eta esan bezala, San Lorentzoko hirugarren plazoletako argiteria aldatuko bada ere, une honetan egiten ari diren hirigintza lanak aurreratuta dauden arte itxarongo da.

Iturria: Oñati irratia