Igeltsero ofizial lanpostuaren inguruan egin zen euskarari dagokion ariketa hiru hautagaiek gainditu dute.

2014/02/11
Card image cap
Erreklamazioetarako 3 eguneko epea dago. Azterketaldia osatuta, epaimahaiak laster proposatuko du nor kontratatu.

  Udalak aldi baterako bete asmo duen lanpostu honetarako, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila zehaztu zen. Hori agiri bidez frogatu ez zuten hiru hautagaiek zegokien ariketa egin zuten ostegunean eta hirurek gainditu dute. Emaitzak, atzo kaleratu ziren udaletxeko iragarki taulan eta udaleko web orrian. Horrekin batera, erreklamazioetarako hiru eguneko epea ireki dela ere jakinarazi da. Euskara ariketa zen azterketaldia osatzeko azkena. Aurrez, azterketa teoriko-praktikoak egin ziren.

  Lanpostua, lehiaketa oposizio sistemaz beteko da eta lehiaketa faseari dagokion meritu kontaketa ere egin da. Beraz, bi faseko puntuazioak batuta, laster jakingo dugu epai mahaiak zein hautagai kontratatzea proposatzen dion udalari. Gogoratu, 6 hautagai direla azterketaldi osoa gainditu dutenak. Laster itxiko da beraz iazko martxoan udalak abiatu zuen kontratazio prozesua.

  Igeltsero ofizial lanpostu hau dena den, aldi baterako izaeraz beteko da. Udal plantillan profil horretako langile baten plaza hutsik dagoen arren, udal administrazioak mugatuta dauka plantilla handitzea, legez, une honetan ezin du langilerik behin betirako kontratatu. Baina lanak pilatzen ari zirela ikusita aldi batera izaeraz gutxienez, igeltsero ofizial lanpostua betetzeko hautaketa prozesua abian jartzea erabaki zen.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!