Oñatiko udala

Ia 30 isun jarri ditu udaltzaingoak konfinamendua hasi zenetik

2020/04/15
Card image cap
Identifikazioak dezentez gehiago izan dira

  Hilabete joan da jada etxetik ez irteteko agindua eman zenetik, lanera edo erosketak egiteko ez bada behintzat. Orokorrean, herritarrak ondo erantzuten ari direla adierazi digu udaltzain buruak baina badira konfinamendua behin eta berriz hautsi duten banaka batzuk. Arrazoirik gabe kalera irteten diren hainbat lagun identifikatu dituzte lau aste hauetan udaltzainek eta kasurik larrienetan salaketak bideratu dituzte. Izan ere, udaltzainek salaketa txostenak egin eta Segurtasun sailera bidaltzen dituzte, hura baita lege urraketaren larritasunaren arabera ordaindu beharrekoa agintzen duena. Oñatiko udaltzainek jasotako 27-28 salaketa isun bihurtu dira.

  Gutxienekoak dira baina batzuetan pertsona berberak salaketa bat baino gehiago jaso izan du. Halako salaketa bikoitza asteburuan bideratu zuten udaltzainek. Kalean elkartu ziren bi pertsonen jarrera susmagarriaz ohartuta identifikatzera hurbildu ziren udaltzainak eta batek ihesari ekin zion, lurrera zerbait bota eta gero. Gelditzea lortu zuten eta ustez, droga trafikoan ari zela harrapatu zuten. Delitu hori leporatuta eta konfinamendua apurtzeagatik salaketa bikoitza jaso zuen.

  Salaketak esan bezala, isun bihurtzen dira, 600 euro inguruko isunak gehienak. Baina jakinarazpenak, Segurtasun sailak bideratzen ditu.

  Asteek aurrera egin ahala eta debekuak ezagutu ahala, identifikazio kopurua asko murriztu dela adierazi ditu udaltzain buruak. Lehenengo egunetan 300nen bat lagun identifikatu bazituzten ere, atzo esaterako, lau besterik ez ziren izan, eta normalean, jokaera susmagarria duten pertsonak izaten dira.

  Herritarren gehiengoak erakusten duen jarrera ona publikoki eskertu nahi du Oñatiko udaltzaingoak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!