Ia 19 milioi euroko aurrekontua onartu du udalbatzak 2018rako

2017/12/01
Card image cap
EAJk kontra bozkatu zuen eta plan ekonomiko finantzieroa egitea eskatu zuen

  Datorren urteko udal aurrekontua 18.777.979 eurokoa da, aurtengoa baino % 2.13 handiagoa, ia 400.000 euro handiagoa. Inbertsioei aurre egiteko 2.696.000 euroko maileguaren beharra aurreikusten da, baina bere gauzapena 2017 ekitaldiko emaitzek baldintzatuko dutela esan zuen udaleko kontu-hartzaileak atzoko Osoko Bilkuran. 2018ko aurrekontuen berri teknikoa eman zuen kontu-hartzaileak eta udalaren zorpetze maila murriztuaz doala adierazi zuen, 2018koa, % 4.19 litzatekeela argituz, azken urteetako txikiena eta Gipuzkoako tamaina bereko beste udalen bataz bestekoaren erdira ere iristen ez dena. Baina dena ez zen positiboa izan kontu-hartzaileak egin zuen irakurketan eta gastu arruntak sarrera arruntak baino altuagoak izango direla azpimarratu zuen. Aurreikusita dagoen zor berria ere, amortizazioa baino handiagoa izatea adierazle negatibo moduan kalifikatu zuen kontu-hartzaileak. Hala ere, aurrezki arrunt garbia positiboa izaten jarraitzen duela azpimarratu zuen .

  Teknikoaren irakurketaren ondoren, politikarien azalpen eta eztabaida etorri zen. Hasteko, alkateak, udalaren egoera ekonomiko osasuntsua azpimarratu zuen, udalaren zorpetzea maila historikotan dela esanez, aspaldiko txikiena. 2018ko aurrekontuak erreferentziazkotzat jo zituen eta inflexio puntua markatzen duten aurrekontuak izango direla ere esan zuen. Ondoren, datorren urteko aurrekontuen azalpena egin zen batzordez batzorde. EAJko ordezkariek ere batzordeka egin zuten aurkeztutako ekarpenen errepasoa, onartu edo baztertu ziren zehaztuz. Baina hasteko, oposizioaren ekarpenen helburua adin guztietako herritarren alde lan egitea dela argitu zuen Lourdes Idoiaga bozeramaleak.

  Eztabaida politikoan EAJk kontra bozkatuko zuela argitu zuen taldeko bozeramaleak. Bi arrazoi eman zituen horretarako. Batetik,  jeltzaleek egindako ekarpen gehienak baztertu direlako, eta bestalde, zalantza ekonomikoak dituztelako. Udalak inbertsio ugari eta mailegu bat hartzea ere aurreikusten dituela azaldu zuen Idoiagak, baina aurrez, plangintza bat egitea eskatu zuen bozeramale jeltzaleak. Udalaren egoera ekonomiko onaren inguruan zalantzak sortu nahi izana egotzi zion alkateak Lourdes Idoiagari baina udal kutxa saneatuta eta egoera ekonomiko onean dagoela azpimarratu zion berriro ere. Jeltzaleen onespena ez bazen, gutxienik abstentzioa jasotzea espero zuela ere esan zuen Mikel Biainek eta penaz hartzen zuela EAJren kontrako bozka hori.

  Inbertsioei dagokionean, hainbat exekuzio proiektu lantzeko partidak jaso dira 2018ko aurrekontuetan: kiroldegikora 300.000 euro bideratzea aurreikusten da eta Olaitturri estali eta erabilera anitzeko espazio bat sortzeko 50.000 euro. Exekuzio proiektuak lanak esleitu eta egin aurretiko azken urratsa izan ohi dira. Urteetan egiten ari diren lanei jarraipena emanez, herriko auzo nagusietako urbanizazioak berritzeko planekin aurrera egingo da 2018an,  irisgarritasuna hobetzeko helburuaz. San Lorentzo, Zubillaga edota Olakuako lanekin jarraituko da. Baina bada berritasunik datorren urteko aurrekontu proiektuan, alde zaharreko etxebizitzen birgaitzea sustatzeko programa pilotu bat martxan jarriko dela iragarri zen, Mendiko kalea eraberritzeko proiektua eta Kasablankan jolasgune berri bat egitea ere jaso dira 2018ko inbertsioen atalean. Ongizate alorrean eta Berdintasunean gastu soziala mantendu ez ezik,  gizarte larrialdiak eta programa psikosozialetarako diru partidak indartzea erabaki da. Haurrak eta Gazteria batzordea ere indartzen da, ludoteka eta Gaztelekuaren kudeaketa kontratua berriro esleipenera ateraz. Era berean, landa eremuko auzoekiko konpromisoari eusten zaio Auzotasuna programari jarraipena emanez eta auzoetako azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko partidak mantenduz. Aipagarria da, inbertsioen atalean, Urgain-Errekalde ikastetxeko sotoko forjatu sanitarioa konpontzea, aurten esleitu gabe geratu diren  Etxaluzeko parkea egokitzeko lanak, Araozko auzoetxea, Natur eskolako eraberritze lanak hastea, plaza ondoko jolastokia asfaltatzea edota Maiatzaren 1a plazan plataforma bakarreko espaloia eratzea ere aurreikusi direla, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!