Hurrengo asteburuan Oñatin ospatuko duen Mendeurreneko ekitaldien aurkezpena egin du Eusko Ikaskuntzak

2018/11/16
Soka dantza, Donostiako orfeoia eta antzerkia izango dira, besteak beste

  Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarra 1918an, eta Oñatin bertan ospatuko da erakundearen mendeurrena azaroak 23 eta 24an. Atzo egin zuten mendeurreneko ekitaldien aurkezpena Eusko Ikaskuntzako eta udaleko ordezkariek. 100 urte hauetan Eusko Ikaskuntzaren helburua herriak plateatutako etorkizuneko erronkei erantzuna ematen saiatzea izan dela azpimarratu zuen Iñaki Dorronsoro erakundeko lehendakariak eta datorren asteburuan, Oñatin, ildo beretik jarraituko dutela aurreratu zuen.

  Ostiralean Geroa Elkar-Ekin XVIII. kongresuko itxiera ekitaldia egingo da, Mikel Goiaingeruaren parrokian. Aurrez, eta gaur Donostian osatzen ari den bost saioko biltzarretan atera diren ondorioak batuko dira. Goiz osoan zehar gure mundua, jendartea, ongizatea, lurraldeak eta gobernantza demokratikoa biltzarretan esandakoak laburbilduko dira, Euskal Herriko lurraldearen liburu zuria osatze aldera. Ostiraleko saiora datozen biltzarkideek herria bisitatu eta antzerkia ikusteko aukera izango dute arratsaldean.

  Larunbata berriz, ospakizunen eguna izango da eta herritar guztiei zuzendutakoa gainera. Soka Dantza dantzatuko da Foruen plazan, orain dela ehun urte egin zen bezala, eta parrokian egingo da ekitaldi ofiziala, Donostiako orfeoiaren parte hartzearekin. Ostiralean biltzarkideentzat eskainiko den antzezlana berriz, larunbatean, herritarrentzat errepikatuko da. Eusko Ikaskuntzaren historia laburbiltzen duen antzezlana osatu du Josemari Velez de Mendizabalek. Hamaika amaren seme(alaba) larunbatean, 18:30tan Santa Ana aretoan eskainiko da interesa duten herritar guztiei zuzenduta, doan. Gonbidapenak, Kultur etxean eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia