Oñatiko udala

Hondakinen Prebentziorako Astea egingo da azaroaren 21etik 29ra

2020/11/19
Card image cap
Ideia lehiaketa, mural margoketa eta ginkana antolatu dira, besteak beste

  Europa mailan 2009az geroztik gauzatzen den Hondakinen Prebentziorako Astearekin bat egingo du Oñatik, eta Hondakinen Astea ospatuko da hilaren 21etik 29ra. Herritarren sentsibilizazioa ardatz hartuta, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea izango da helburua.

  Ideia bilketa antolatu da. Hondakinak gutxitzeko Oñatin egin daitezkeen ekintzak eta proposamenak jaso nahi dira.  Horretarako esteka berezi bat sortuko da www.oñati.eus webgunean eta herritarren ideiak astebetez jasoko dira, azaroaren 21etik 29ra. Bildutako proposamen guztiak udal arduradunen esku utziko dira, etorkizunean kanpaina edo ekintza konkretuak burutu ditzaten. Ekarpenak egiten dituzten guztien artean oihalezko poltsa berrerabilgarriak zozkatuko dira.

  Baina Hondakinen Prebentziorako Asteari dagozkion ekintza nagusiak hilaren 28an bilduko dira. 12:00tatik 19:00tara, informazio puntua jarriko da plazan eta bertan, hondakinak murrizteko dekalogoa banatuko da. 12:00tatik 14:00tara, familiei zuzenduta, herriko hondakinen karakterizazioa eta hondakinen prebentziorako kartelen banaketa egingo da erdiguneko kaleetan. Aldi berean, hondakinen prebentziorako ohitura onen murala margotu eta osatzera gonbidatuko dira herriko haurrak. Azkenik, eta neska mutikoak berriro protagonista izanik, ginkana dibertigarria egingo da, 16:30tatik 19:00ak bitartean. Ondo pasatzeaz gain, gaztetxoenak hondakinen arazoaz eta murriztearen garrantziaz jabetzea da helburua. Ekintza guzti hauetan parte hartzeko, izena ematea komeni da.

  Adin guztietako herritarrei egokitutako ekintzak antolatu dira, haur eta heldu hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeaz ohartu daitezen eta zentzu horretan Oñatin aurrerapausoak eman daitezen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!