Oñatiko udala

Hondakinen kudeaketarako estrategiak aurkeztuko dira ostiralean

2012/06/06
Hondakinen kudeaketarako estrategietan egungo zabortegiak itxi, hondakin guztiak tratatu eta Gipuzkoan sei konpostaje planta sortzea aurreikusten da. Dokumentua Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, eskualdeka presentatuko da orain. Debagoienekoa, Arrasaten egingo da ostiralean.

  Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia atzo goizean aurkeztu zuen Batzar Nagusietan. Estrategia honek Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren eguneratze dokumentua da. Berez, 2008-2016 urte tarterako osatu zen hiri hondakinak kudeatzeko plan orokorra, egungo errealitate eta beharretara egokitu baita.

  Kontu egin behar da jatorrizko dokumentuan aurreikusitako hondakin sorrera % 12 murriztu dela  gaur egun, eta horrek, hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra ekarri du.

  Hondakinak kudeatzeko dokumentua berregiten, diputazioak, Europako 5 adituen lankidetza izan du.
Foru Aldundiaren estrategiak 2014an Gipuzkoan egun dauden hiru zabortegi kutsakorrak ixtea, sei konpostaje planta sortu eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusten du. Zubietako planta horrek energia berriztagarria sortuko du.

  Azpiegitura sare osoa egiteko orain arte aurreikusitako diruaren erdia erabili beharko da. Baina ekonomia aldetik ez ezik, estrategia hauek aurrerapauso garrantzitsua ekarriko dute sortutako hondakin guztiak tratatzea ahalbidetuko dutelako. Horrela, Gipuzkoak Europako araudia beteko du.

  Prebentzio arloari ere garrantzi berezia emango dio estrategiak: 2016rako hondakin sorrera % 4 murriztuko da.

  Bilketari dagokionez, 2016rako lurralde osoko hondakin guztien % 60 gaika biltzea aurreikusten du estrategiak. Autokonpostajea eta konpostaje komunitarioa sustatzeaz gain, elikagaien xahuketa eragoztea ere aurreikusi du diputazioak.

  Atzo Batzar Nagusietan aurkeztu ziren estrategia hauek gaur arratsaldean Gipuzkoako Hondakin Partzuergoari aurkeztuko zaizkio eta ondoren, eskualdekako presentaziñoak egingo dira. Debagoienekoa, Arrasateko Kultur aten egingo da ostiralean, arratsaldeko 7etan.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!