Hondakinen atez ateko bilketa sistema astelehenean, uztailaren 1ean jarriko da martxan.

2013/06/25
Asteburuan, kaleko kontenedoreak erretiratzen hasiko dira.

  Hondakinen frakziokako bilketa sistema abian jartzeko aurreko lanak ia amaituta daude. Hondakinentzako kubo eta poltsak etxeetara, komertzio eta industrietara banatu ondoren, auzoetan erabiliko diren ekarpen gune eta  mini-guneetako giltzak banatzen bukatzen ari dira. Gaur, Olabarrietan eta Arantzazun banatzekoak ziren.

  Iazko martxoan hasi zen prozesua faseka betetzen joan da: informazioarena izan zen lehena, parte hartzearena bigarrena eta amaitzear dagoen inplantazio fasea hirugarrena. Bilketa bera martxan jartzea soilik falta da eta hori, astelehenetik aurrera gauzatuko da.

  Gunearen arabera, hondakin frakzioen bilketak egutegi eta ordutegi ezberdina izango du. Herri eremuan gauez egingo da, 11etatik aurrera. Horretarako, eta arratsaldeko txandan lan egiten dutenen ordutegia kontutan hartuta, egun bakoitzean dagokion hondakin frakzioa iluntzeko 8etatik gaueko 11etara atera beharko da. Landa auzoetan, komertzio, ostalaritza eta industria eremuetan berriz, goizez egingo da bilketa. Landa eremuan bizi diren auzotarrek ondo datorkienean eraman ahal izango dituzte hondakinak zehaztu zaien ekarpen gunera baina hauen bilketa, goizez egingo da, denda, taberna eta industrietan batuko den egunetan. Egutegia ere, pitin bat aldatzen da batetik bestera. Baina bilketa egutegi hori kubo eta bestelako materialarekin batera banatu diren informazio liburuxketan agertzen da.

  Herritar gehienek etxean dute atez ateko bilketarako beharrezkoa den materiala. % 97ak jaso du. Gainontzekoek, Kale Zaharra edo San Lorentzoko informazio bulegotik pasa beharko dute bila. 

  Hondakinen frakziokako bilketa martxan jartzerako, orain arte erabili ditugun edukiontzi edo kontenedoreak erretiratzen hasiko dira. Asteburuan bertan kontenedore berdeak kentzen hasiko dira. Gero, urdinak eta horiak erretiratuko dira. Oñatin,300nen bat edukiontzi daude eta egunez egun jasotzen joango dira. Azkenean, beira botatzeko iglu berdeak soilik geratuko dira.

  Udal Gobernu Taldeak publikoki herritarrak eskertu nahi ditu orain arte erakutsitako parte hartze gogo eta lankidetzagatik. Eta elkarrekin lanean jarraitzeko animoak ematen dizkie guztion artean hondakinen kudeaketan eredugarri izatea lortuko dela azpimarratuz. Alde horretatik, lasaitasun mezua ere zabaldu nahi da. Hondakinen bilketa sistema berrira egokitu ahal izateko malgutasunez jokatuko dela adieraziz. Ohitura berriak barneratzen joateko denbora beharko dela jakinik, elkarrekin ikasi eta akatsak zuzentzeko malgutasunez jokatuko dela esan digu Leire Egaña ingurumen zinegotziak. Zalantzak dituenak, Kale Zaharra eta San Lorentzoko informazio bulegoetara jo dezake.

Iturria: Oñati irratia