Hondakin organikoen kuboak poltsarik gabe edo poltsa konpostagarria jarrita bakarrik atera daitezkeela gogoratu da Mankomunitatetik

2018/09/19
Card image cap
Plastiko poltsa duten kuboak ez dira hustuko

  Hondakinak ateratzeko moduaren inguruan ohiturak lasaitu egin direla ikusi dute Mankomunitateko arduradunek, eta bereziki organikoen kubo marroiak oker ateratzen ari direla. Hainbat erabiltzailek plastiko poltsak jarri ohi dituzte kuboak ez zikintzeko eta hala uzten dituzte eskegitokietan. Horrek bilketa zailtzen du, kuboari buelta ematerakoan poltsa eta guzti husten baita. Baina plastiko horiek ezin dira konpostatu eta ondorioz, batutako hondakin organikoen konpostatze prozesua eragozten dute.

  Ohiko plastiko poltsa zuten kubo marroiak hustu egin dira orain arte, baina azken astean hustu gabe uzten hasi dira, gaizki ateratzen diren gainontzeko hondakinen kasuan egiten den bezala. Horrek, hainbat herritarren harridura eta haserrea sortu du.

  Debagoieneko Mankomunitatetik oharra zabaldu da, gogoraraziz, hondakin organikoak zuzenean, poltsarik gabe, atera behar direla kuboan, edo poltsa jartzekotan, poltsa konpostagarria izan behar dela. Eta konpostagarria ez den poltsaren bat jarriz gero, kuboa jaso gabe utziko dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!