Hondakin organikoak konpostatzen dituzten herritarrek zabor zergan jasotzen zuten hobaria, diru laguntza moduan jasoko dute aurrerantzean

2015/03/10
Card image cap
Udaletxetik pasa beharko dute 25 txantxiren bila

  Hondakinen esekitokiak dauden guneetan % 100ean konpost-egile direnei aplikatu ohi zitzaien hobaria desagertu egin da eta diru laguntza moduan jasoko dute. Hala onartu zen azken Osoko Bilkuran. Alde batetik, zabor tasan aplikatzen zen % 25aren hobaria udaleko ordenantza fiskaletatik ezabatzea onartu zen eta bestetik, diru laguntza berria emateko oinarri arautzaileak onartu ziren.

  % 100 konpost-egile esatean zera ulertu behar dugu, esekitokietara kubo marroia atera ez eta hondakin organikoak konpost eginez kudeatzen dituzten herritarrak. Askok, herrian bertan dauden auzo-konpost guneetara eramaten dituzte hondakinak, beste batzuk berriz, baserrietan edo beste terrenoren batean dituzten konpostadoreetara. Baina guztiek, kubo marroia esekitokietara ez ateratzeko konpromiso idatzia dute udalarekin. Halako 535 lagun edo familia dago erroldatuta. Hauek, hondakinak kudeatzeko egiten duten ahaleginaren sari gisa, zabor tasan % 25aren hobaria, deskontua jaso dute. Baina udal gobernu taldeak txantxien egitasmoari bultzada berria emanez, hobaria diru laguntza moduan ematea erabaki du eta txantxitan ematea gainera, dirua, herriko merkataritza edota ostalaritzan gastatu dadin. Diru laguntza hau jasotzeko eskari orria bete eta nortasun agiria aurkeztu behar da udaletxean.

  Lehendik jada zabor zergan hobaria jasotzen zuten 535 herritarrei, gutuna iritsiko zaie udaletxetik, bertatik pasatzeko gonbidapena eginez. Gutunak prestatzen ari dira eta lehenak, datozen egunetan banatuko dira.
Era berean, 2015eko 25 txantxitako diru laguntzak ere gertatzen ari dira, datorren astean bertan, lehen herritarrak dagokien diru laguntza jasotzen hasiko direla pentsatzen baita.  

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!