Oñatiko udala

Hiru proiektu aurkeztu dizkio udalak Landa Garapena Elkarteari, diruz lagundu ditzan

2018/01/15
Card image cap
Araozko eskola ostatu bihurtzeko egitasmoa da handiena

  Eskualdeko udalek gauzatzen dituzten landa garapen egitasmo ezberdinak diruz laguntzen ditu Landa Garapena Elkarteak.  Proposamenak aurkezteko epea ostiralean, urtarrilaren 19an amaituko da baina Oñatiko udalak zehaztu ditu aurkeztuko dituen proiektuak. Hiru dira: Araotz auzoak wifi sarearen hedapena, Araozko eskola ostatu gisa egokitzeko proposamena eta Aldai txabolan jezte eta gaztandegia egokitzeko proiektua.

  Proiektu handiena, Araozko nesken eskola izan zena ostatu bihurtzeko egitasmoa da. BEZa kanpoan utzita, 492.000 euroko aurrekontua duen proiektua dela jakinarazi zaio Landa Garapena Elkarteari. Proiektuari aurre egin ahal izateko udalak 200.000 €-ko partida gorde du 2018ko aurrekontuetan, baina diru hori Eusko Jaurlaritzak Ereitten programaren baitan eman dezakeen diru laguntzara baldintzatuta dago. Aurrekontuaren erdia-edo Gasteiztik etorriko balitz, udalak proiektuan parte hartuko luke. Auzotarrak ere ekarpen ekonomikoa egiteko gertu daude. Araozko eskolak 288 metro karratu ditu eta bertan, taberna, jangela eta 3 apartamentu turistiko egokitu asmo dira.

  Araotzen bertan wifi sarea 37 baserritara hedatzeko proiektua aurkeztu da Landa Garapena Elkartearen diru laguntzetara. 33.000 €-ko proiektua da. Eta hirugarren egitasmoa Aldai txabolan jezte eta gaztandegia egokitzean datza. 72.000 €-ko aurrekontua duen proiektua da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!