Hileroko odol ateraldiak lekuz aldatuko dira berriro

2019/02/27
Euskaldun berria aretoan izango dira, maiatzetik aurrera

  2016ko azaroan hasi ziren hileko odol ateraldiak Enpresagintza Fakultatean egiten. Aurretik, eta urteetan Txantxiku ikastolan egin eta gero, anbulatoriora aldatu ziren, baina bertako ordutegi mugatuak eraginda Enpresagintza fakultatean hartu zuen aterpe Oñatiko odol emaileen taldeak. 

  Maiatzetik aurrera ordea, hainbat obra egin behar dituzte aipatu fakultatean eta ezinezkoa izango da odol ateraldiak bertan egitea. Udalera jo du Odol emaileen batzordeak, erdigunean erabilgarri legokeen beste lokal baten bila. Gaia aztertu ondoren Bidebarrieta kalean Euskaldun berria gela eta Euskaltegiko hainbat gela erabilgarri leudekeela ikusi dute Euskaltegiko ordezkariek eta Ongizate batzordeak. Gainera, materiala garraiatzeko furgoneta uzteko aparkalekuak ere badaude udal lokal horien aurrean, eta odol emateak daudenean, bizpahiru aparkaleku gorde daitezkeela kontratatu da udaltzaingoarekin. Beraz, herriko odol emaileen batzordeak egindako eskaera onartzea erabaki du gobernu taldeak. Alegia, maiatzetik aurrera, hileko odol ateraldiak Euskaldun berria aretoan egingo dira, eta aurretik mediku eta erizainekin izaten diren kontsultetarako eta behin odola emanda mokadutxo bat jateko, Euskaltegiko hiru gela erabiliko dira.

  Odol ateraldien leku aldaketa maiatzetik aurrera izango da, martxoko eta apirileko odol ateraldiak Enpresagintza Fakultatean egingo baitira oraindik. Martxoko hitzordua, hilaren 8rako finkatuta dago eta apirilekoa, 5erako. Ordutegia, gero ere, orain arte bezala mantenduko da, 17:00tatik 19:00tara.

Iturria: Oñati Irratia