Oñatiko udala

Biharko deitu den grebak erantzun ezberdina izango du herriko ikastetxeetan: Urgain-Errekalde eskolan greba egingo dute, gainontzeko ikastetxeetan ez

2020/09/14
Card image cap
Hezkuntza itzulera seguru eta adostua eskatzen dute sindikatuek

  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari berandu aritzea leporatu diote hezkuntza arloko sindikatuek eta ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGT-k greba deitu dute biharko Gipuzkoa, Araba, Bizkaiko ikastetxeetan. Aurrez aurreko hezkuntza itzulera segurua eta adostua da deialdirako leloa. Deialdiak erantzun ezberdina izango du herriko ikastetxeetan; Urgain Errekalden greba egingo da, gainontzekoetan ez.

  Urgain Errekalde eskolako langileriak gehiengo zabalez erabaki du greba egitea; irakasle eta hezitzaileek ez ezik, sukaldariek eta jangela eta autobusetako begiraleek ere greba egingo dute bihar. Ondorioz, ez da eskolarik izango Errekalden ezta jangela edo autobus zerbitzurik ere. Hala jakinarazi zitzaien familiei pasa den astearen amaieran.

  Gainontzeko ikastetxeetan berriz, Txantxiku ikastolan, Elkar Hezin eta Zuazola institutuan grebarik ez egitea erabaki dute eta biharkoa ohiko eskola eguna izango da. Ohikoa edo, irailaren 15a DBH3 eta 4 eta Batxilergoko  ikaslerentzat aurkezpen edota lehen eskola eguna izango delako. Txantxiku ikastolan eta Elkar Hezin ikasle nagusienei harrera egin eta ikasturteko nahiz Covid 19aren inguruan bete beharreko segurtasun eta osasun neurriak azaldu ondoren, eskolak hasiko dituzte. Zuazola institutukoek aldiz, aurkezpena soilik izango dute eta hitzordua, gelaka zehaztu zaie, 11:00ak eta 12:00ak bitartean. Larraña institutuan datorren astean hasiko dira eskolak.

  Hezkuntza Sailak ikasturtearen planifikazioan huts egin duela eta berandu eta alde bakarrez jokatu duela diote sindikatuek. Eskoletako zuzendaritzen bakardade eta ziurgabetasuna salatu dute, segurtasun eta osasun protokoloak bakarrik prestatu behar izan dituztela eta agindutako baliabideak ez zaizkiela iritsi argudiatuta. Irakasle gehiagoren kontratazioa agindu zela baina halakoren zehaztapenik ez dutela ere gaineratu dute. Eskorarako itzulera segurua izan dadin negoziatzera bultzatzeko greba deitu dute biharko. Ikasleen aldetik ere mobilizazioak iragarri dira eta bihar, manifestazioak egingo dira Bilbo, Gasteiz eta Donostian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!