Hezkuntza Sailak 237 mila euroko diru laguntza emango du Urgain-Errekaldeko lanetarako

2018/04/11
Ikastetxeko egitura hezetasunetik babestu eta teilatua egokitzeko obrak udako oporretan egingo dira

  Bi lan garrantzitsu egingo dira udako hilabeteetan Urgain-Errekalde herri eskolan, eraikinaren sotoko hezetasunen konponketa batetik, eta teilatua inpermeabilizatu eta bertan bizi-lerroa jartzea bestetik. Lanek, ia 400.000 euroko aurrekontua dute eta %60a Hezkuntza Sailaren diru laguntzaz osatuko da, gainontzekoa, udalak jarriko du.

  Diru laguntza garrantzitsu hau eskuratzeko gestioak udazkenean egin ziren, orduan, udal gobernuko ordezkariek eta ikastetxeko ordezkaritza batek Hezkuntza Sailera bisita egin zuten eraikinaren egoeraren berri emateko. Bisita hartan hitzez konpromisoa adierazi zitzaiela esan du Nerea Zubia hezkuntza zinegotziak, baina orain jaso den erantzun ofizialak poztu eta lasaitu dituela gaineratu du, izan ere, udalak, sotoa konpontzeko lanen esleipena martxan baitzuen. Ikasturte berria eraikin birgaitu batean ekingo diote Urgain-Errekaldeko ikasle eta irakasleek, lanak, udako oporretan egingo baitira.

  Artzamendi eraikuntza enpresak egingo du Urgain-Errekaldeko egitura hezetasunetik babesteko obra. Udalak deitu zuen lizitaziora puntuazio altuena lortu duen eskaintza izan da, bereziki egin zuen eskaintza ekonomikoagatik. Udalak, lanok egiteko 323.714 €ko aurrekontua finkatu zuen eta Artzamendik, 270.945 eurotan egitea proposatu du. Eraikinaren egiturari eragiten dion hezetasun arazoa konpontzeko proiektua Izaskun Legaristi arkitektoak osatu zuen. Eskolaren perimetro osoa hezetasunetik babestuko lukeen egitura isolatzaile berria eratzea aurreikusten da. Ikastetxeko sotoko forjatu sanitarioa berrituko da eta soto horretan psikomotrizitate gela, gimnasioa, euri egunetarako espazio zabala, biltegiak, komunak, garbitzaileen aldagelak eta garbiketa produktuak gordetzeko gunea prestatuko da. Aldi berean, teilatua egokitzeko lanak ere egingo dira, nahiz eta hauen lizitazioa oraindik egiteke dagoen.

  Udal gobernuak ahalegin berezia egiten dihardu azken urteotan Urgain-Errekalde ikastetxea egokitzeko, eraikin osoko berogailu sistema berriztu da eta leiho guztiak aldatu dira.

Iturria: Oñati Irratia