Hezkuntza arloko gaiak nagusi dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarreko lan zerrendan

2017/06/08
Errekalde Herri Eskolako sotoa eraberritzeko proiektuaz, ikastetxe eta guraso elkarteen diru laguntzez edota Herri Curriculumaz berba egingo da

  Euskara eta Hezkuntza Batzordearen eskutik 16 gai zerrendatu dira arratsaldeko bilerarako.  Urgain-Errekalde Herri eskolako  sotoa eraberritzeko proiektua da aurkeztuko den lehena. Oñatz eta musika taldeen entsegu lokalak izan dira urteetan herri eskolako sotoan. Eltzian lokal berriak egokitu ondoren hutsik geratu dira edo geratuko dira. Oñatzek, ikasturte berria Eltzian hasiko baitu. Eskolak espazioa berreskuratu dezan eraberritze lanak egin behar dira eta horretarako osatu den proiektua aurkeztuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. Herri eskolari nahiz gainontzeko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei diru laguntzak ematea proposatuko da. Ikasturtea amaitzear dago eta udal arduradunek 2017-2018 kurtso berria buruan dute jada. Irailean hasiko den ikasturterako eskola agenden proposamena aurkeztuko zaie gobernu taldeko kideei eta hori gauzatzeko aurrekontua onartzea eskatuko zaie. Herri curriculumaz ere berba egingo da arratsaldeko bileran. Orain arte egin den lanaren berri emango du batzorde buruak eta lehen faktura ordaintzea proposatuko du.

  Euskara eta Hezkuntza batzordearen eskutik Eskolako Bidea egitasmoaz, udako solstizioaren jaiaz edo San Juan suaz eta euskaltegirako egingo diren erosketez ere berba egingo da. Baina beste batzorde batzuek aurkeztutako gaiak ere aztertuko dira arratsaldeko bilkuran, lan zerrendan, 48 gai jaso baitira.

  Partaidetza batzordearen eskutik, esaterako, diru laguntza gaiak aztertuko dira: garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako proiektuak gauzatzeko larrialdi edo laguntza humanitarioko egitasmoetarako eskaerak eta adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak aztertuko dira. Sozioekonomia batzordearen eskutik bestalde, mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan deritzon profesionaltasun ziurtagiria emateko zerbitzuaren kontratazioaz berba egingo da. Halako ikastaroak, orain arte,  zuzenean antolatu ditu udalak baina aurrerantzean, ikastaroak antolatu eta emango dituen enpresaren zerbitzuak kontratatu nahi dira. Deialdi publikoa egin zen eta jasotako proposamenak aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia