Oñatiko udala

Herritarrentzako Arreta Zerbitzu berria egokitzeko lanak gaur hasi dira udaletxean

2018/12/17
Card image cap
Zerbitzua martxoan ireki asmo da alhondiga aldeko bulegoetan

  Blazquez espacios eta Perosanz electricidad enpresei esleitu zaizkie udaletxeko bulegoak egokitzeko lanak. Lehenak, instalazioen arozteri lanak egingo ditu eta besteak berriz, argiteria lanak. Aurrekontua guztira, 100.000 € + BEZa izango da. Gaur bertan hasi dira lanak eta bi hilabeteko epean osatu beharko dira, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, martxoan abian jarri nahi baita. Lanak egiteko udaletxe sarrerako bulegoa berrantolatu behar izan da baina zerbitzua irekita dago.

  Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, zerbitzu integrala izango da eta herritarrek udalari egin ohi dizkioten eskaera eta tramiteen arreta bilduko du. Leihatila bakarra deritzon zerbitzu honek egoki funtzionatu dezan, udal departamentu ezberdinen arteko barne harremanetarako eskuliburua prestatu da eta zerbitzua arautzen duen ordenantza ere aho batez onartu zen urriaren 4ko Osoko Bilkuran. Abenduko Osoko Bilkuran berriz, zerbitzuan arituko diren 3 langileak eta koordinatzailea izendatu ziren; egun zerbitzu orokorrak/ erregistroan, kontu hartzailetan eta hirigintza zerbitzuan diharduten langileak dira.

  Baina Herritarrentzako Arreta Zerbitzua administrazio elektronikora ere lotuko da eta eskaintzen den gunean, udal agiriak eskuratu eta ordainketak egiteko bitarteko telematikoak jarriko dira. Izan ere, Herritarren Arreta Zerbitzua astelehenetik ostiralera, 7:30tatik 15:30tara zabalik izango da, langileak bertan direla. Arratsaldetan eta larunbatetan aldiz, aipatu zerbitzu telematikoaren bitartez hainbat tramite egin ahal izango dira: errolda agiriak edo erreziboen kopiak eskuratu edo ordainketak egin, besteak beste. Makina hauek alhondiga aldeko sarreran kokatuko dira eta bulegoak itxita daudenean ere erabilgarri egongo dira. Zerbitzua bera abian jarri aurretik martxan izango dira, probak egin. eta nola erabili ikasi eta erakusteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!