Herritarren onurarako beharko lukeen dirua bere kudeaketa txarra ezkutatzeko erabiltzea leporatu dio EAJk EH Bilduri

2017/11/10
Card image cap
Kupoaren negoziaketatik eskuratutakoa kale garbitzaileen indemnizazioa ordaintzeko erabili izana kritikatu dute jeltzaleek

  Azken Osoko Bilkuran hitzez adierazitakoa prentsa ohar bidez zabaldu du Oñatiko EAJren udal taldeak. Hasteko, Madrilgo kupoaren negoziaketa prozesutik Oñatik 379.000 euro eskuratu dituela gogorarazten da prentsa idatzian. Baina diru horren erabilera kritikatzen da. Jeltzaleen ustez, dirua, oñatiarren mesede eta onurarako erabili beharko litzateke, udal zerga eta tasak jaitsi edo dauden hobariak areagotzeko, adibidez. Baina diru horren zati bat, 240.000€, kaleratutako kale-garbiketako langileentzat epaitegiak ezarritako kalte-ordaina ordaintzeko erabiltzea salatu du talde jeltzaleak.

  Kalte-ordain edo indemnizazioa EH Bilduk hartutako erabakiaren ondorio zuzena da jeltzaleen esanetan, udal gobernuak iaz erabaki baitzuen ordura arteko kale-garbiketa kontratua etetea. Erabaki horren ondorioz, 4 lagun langabezian gelditu ziren eta horiek ezarritako errekurtsoaren haritik, udala, kalte ordaina ordaintzera zigortu dute. Guzti hori kontutan udal gobernu taldearen kudeaketa txarra kritikatu dute beste behin jeltzaleek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!