Herriko jaixetan ere zero tolerantzia izango da erasoen aurrean

2018/09/18
Card image cap
"Beldur barik" guneak hiru jai egunetan izango dira baina arazoa herritar guztioi dagokigula azpimarratu dute udaletik

  San Migel eta Errosarixo jaien egitaraua aurkeztu zen atzo Kultur etxean. Bi asteburutan ospatuko dira jai ekintza nagusiak, baina domekako Haurren Egun koloretsuak jada, Oñati, jaietan murgildu duela aipatu zuen Nerea Zubia Kultura batzordeburuak. Etxeetara banatu diren egitarauetan ikusi daitekeenez, aldaketa batzuekin bada ere, urteroko egitura gorde da, jai egun bakoitzak ondo finkatutako ezaugarriak dituelako gurean. Hori bai, egitaraua osatzerakoan, adin tarte guztiak gogoan hartu eta oñatiar denoi zuzendutako ekintzak uztartzen saiatu direla azpimarratu zen atzoko aurkezpenean.

  Herriko eragile askorekin elkarlanean osatu den programa dela esan zen eta eragile horien lana eskertu zen. Jaiak herriko gune ezberdinetara zabaltzeko ahaleginean jarraitzen dela aipatu zen, eta berria ez bada ere, Portu kaleko plazatxoan, magia ikuskizuna izango dela komentatu zen. Atzeko kaleko eszenatokia ere mantenduko da, dirudienez, arrakastarako bidean zortea ematen duen gunea dela esan zuen Nerea Zubiak eta Izarok edo Iseok bertan jo zutela gogoratu zuen.

  Baina ekonomikoki esfortzu berezia eskatzen duen kontzertua Gatibu taldeak San Migel egunez, gauez, emango duena da. Azken hiruzpalau urteko bidean jarraituz herritar nahiz kanpotarrak erakarriko dituen kontzertu handien alde egiten jarraitzen dute eta hilaren 29a zapatuarekin etorriko denez, jende asko biltzea espero dutela esan zen.

  San Migel bixamona Gaztetxoen eguna izango da eta egitaraua gaztetxoekin osatzen ari dira: ginkana moduko  jolasak, bazkaria, DJa eta kolore festa izango direla aurreratu zen. Haurrentzako jolas parkeak, dantzaldiak, 3 sokamutur eta piroteknia eta argi ikuskizuna izango dira, besteak beste. 3 egunetan, Beldur barik guneak jarriko dira. Urteko edozein sasoitan gerta daitezkeen erasoei tinko erantzun behar zaiela azpimarratu zuen Kultura zinegotziak eta herritar guztioi dagokigun arazoa dela gogoratu zuen. Zentzu horretan zero tolerantzia izango dela esan zuen Nerea Zubiak.

  Aurtengo jai egitarauak 201.000 euro pasako aurrekontua du. Zati handiena kontratazioetan eta eragileek antolatutako ekintzetan gastatuko da, eta gainontzekoa, azpiegitura beharretan, aseguruak, autore eskubideak, kartelak eta abarretan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!