Herriko jaietan prebentzio eta segurtasun neurriak areagotzea eskatu dio EAJk udal gobernuari

2017/09/21
Udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaldu eta kale-hezitzaileen zerbitzua indartzea proposatu dute

  Guraso talde batek helarazitako kezkak eragin du EAJko udal taldearen eskaera. Alkohola eta beste sustantzien kontsumo eta salmentak ekiditeko adingabeei zuzendutako prebentzio eta babes neurriak hartzea eskatu diote jeltzaleek udal gobernuari. Jaietan udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzea proposatu du EAJ- k eta  beharrezkoa denean, Ertzaintzaren laguntza eskatzea zerbitzuaren osagarri gisa.

  Neurri hauek prebentzio, babes eta disuasio-neurri gisa proposatu dute jeltzaleek baina aldi berean, adingabeei alkohola eta beste sustantzia batzuk saltzeko debekua bete arazteko neurri gisa. Kezka azaldu dieten gurasoek baitiote, herriko taberna eta auzo jaietako txosnetan adingabeei alkohola saldu zaiela. Are gehiago, txosna horietan adingabeak alkohola zerbitzatzen egon direla. Bide batez, Oñatin aspalditik dagoen kale-hezitzaileen zerbitzua indartzea ere proposatu dute jeltzaleek, eta bi zerbitzuak, udaltzaingo eta hezitzailena uztartzea. 

  Prebentzio arloan sakonduz, adingabeei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpainak egiten jarraitzea proposatu dute jeltzaleek. Ohitura eta jokabide osasuntsu eta arduratsuak sustatzea, nerabe eta gazteek festaz eta aisiaz goza dezaten.

Iturria: Oñati Irratia