Herriko jaietan prebentzio arloan egingo diren ekintzen berri emango zaio gobernu taldeari arratsaldeko bileran

2018/09/27
Card image cap
Aurreratu egin da asteko bilera, udal ordezkariek Txillardegiren omenezko plaka-jartze ekitaldian parte hartu dezaten

  19:00tan egingo da omenaldi hori Arantzazuko Milikuaneko etxean. Udalbatzak, aho batez onartu zuen maiatzeko Osoko Bilkuran Txillardegiren omenezko ekitaldia egitea eta udal ordezkariak bertan izango dira. Horregatik, 18:00tan egitekoa zen Tokiko Gobernu Batzarra, 16:30tan hasiko da. Eta denbora beharko dute lan zerrendan jaso diren 62 gaiak aztertzeko.

  Jaien atarian gauden honetan, jaixetan eta prebentzio arloan egingo diren hainbat ekitaldien berri emango zaie gobernu taldeko kideei arratsaldeko bileran. Bestelako ekimenen inguruko argibideak ere emango dira, edo horiek gauzatzeko onespena eskatuko da. Hara nola, azoka biziberritzeko egitasmoaren baitan, bezeroen artean banatuko diren erosketa poltsa eramangarriez hornitzeko proposamena egingo da. Artasoko basoaz ere berba egingo da batzarrean, basoan zehar ibilbide tematikoa egokitzeko proposamena aurkeztuko baita. Helduen Heziketa Iraunkorra, EPA deritzonaren inguruan udalak eman ohi duen urteko diru laguntza onartzea ere proposatuko da bileran, eta haratago begira jarrita, eta Elkar Hezi ikastetxeak eskatuta, abenduaren 15ean gobernuz kanpoko erakundeen azoka egiteko baimena aztertuko da. Go!azen 5.0 antzerki lana Oñatin eskaintzeko aukera ere azalduko da arratsaldeko batzarrean, horretarako, azaro hasiera proposatzen delarik.

  Gaur, Tokiko Gobernu Batzarra ohikoa baino lehenago egingo da eta berez gaur beharko lukeen iraileko Osoko Bilkura datorren astera atzeratuko da. 2019ko udal tasa fiskalen proposamena aztertzekoa da baina oraindik guztiz landu gabe dago. Gaia urriaren 4rako gertu egongo da eta orduan egingo da irailari legokiokeen hileko Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!