Herriko dendari eta ostalariak turismo agente aktibo izatera gonbidatu ditu udalak.

2011/11/18
Sektoreari zuzendutako bisita gidatu bereziak antolatu dira.

  Turismoa eta zerbitzu sektorearen arteko lotura begi bistakoa da. Bisitariak, herrian erosi eta kontsumitzen duten aldetik, aberastasun iturri dira herriko dendari eta ostalarientzat. Baina aldi berean, lokal horietan daudenak, bisitariak behar dituen turismo argibideak eman ditzakete. Hau da, turismo agente aktibo izan daitezke. Hori da udal ordezkariek dendari eta ostalariekin atzo egin zituzten bileretan egindako proposamena.

  Aldi berean, dendariek herriaz duten berezko ezagutza osatzeko helburuz, beraientzat propio antolatutako turismo bisita gidatuetan parte hartzera gonbidatu zitzaien.

  Bi bisita gidatu egin ahal izango dituzte. Herri gunean barrena bat eta Arrikrutzko koban bestea.
Dendari eta ostalariei zuzendutako bisita gidatu hauek ordutegi berezian egingo dira, eguerdiko ordu bata eta erdietatik aurrera. Alegia, lokal komertziala itxi ondoren. Ordu eta erdi-bi orduko bisitak izango dira eta amaieran, luntxa eskainiko zaie jarduera amaituta, berriro dendara itzultzeko moduan egon daitezen.

  Sozioekonomia batzordetik eta turismo eta garapen agentziatik egindako proposamenak harrera ona izan du. Gaurko bisitan 25 lagunek parte hartuko dute. Hurrengo asterako berriz, 15ek izena eman du jada.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!