Herriko autobus garraio publikoaren zerbitzua Leintz Garraioak enpresari esleitzea erabaki zen Osoko Bilkuran

2018/02/26
Card image cap
Kontratua zortzi urterako egingo da, beste bi urtez luzatu daitekeelarik

  Leintz Garraioak enpresako ordezkariek Kontratazio Mahaiak eskatutako dokumentazioa eta behin betiko fidantza aurkeztu ondoren eraman zen gaia Osoko Bilkurara. Eta Kontratazio Mahaiak proposatu bezala, herriko autobus zerbitzu publikoa kudeatzeko behin betiko esleipena prozesuan puntuaziorik altuena lortu zuen Arrasateko enpresaren alde egitea erabaki zen. 

  Bi izan ziren Herribus zerbitzua eta domeka eta jaiegunetako Arantzazuko zerbitzua emateko lizitaziora aurkeztu ziren garraio enpresak: Leintz Garraioak eta Cuadra Bidean. Bi eskaintzen artean puntu alde txikia izan zen eta puntuazioaren kontrako alegazioa ere bai. Kontratazio Mahaiak alegazioa aztertu eta ebatzi ondoren, Leintz Garraioak enpresaren eskaintzak jarraitu zuen puntuazio-buru eta ondorioz, zerbitzu esleipena bere alde egiteko proposamena eraman zen Osoko Bilkurara.

  Herri barruko autobus zerbitzu publikoa zortzi urterako kontratatuko du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Lehen urterako ezarri zen lizitazio aurrekontua 165.823 euro zen baina Leintz Garraioak enpresaren eskaintza onartuta 147.583 eurotan egingo da. Gainera, Herribus zerbitzurako jarriko dituen bi autobusetan txartelak kobratzeko ekipamendua egokituko du, ekipamenduak Lurraldebuseko plataforman eta Gipuzkoako txartel bakarrean integratzeko aukera emanez. Une honetan, udalak ez du integrazio hori landu baina ez da guztiz baztertzen.

  Zerbitzuan jartzen diren ibilgailuen gutxieneko edukiera 12 bidaiarikoa izango da eta mugikortasun urriko pertsonentzat sarrera dutenak. Enpresak gainera, herritarrekin harreman zuzena duten gidariek euskaraz badakitela ziurtatuko du, hala jaso zelako baldintzetan.

  Herribusari dagokionean, printzipioz ez da aldaketarik aurreikusten eta astelehenetik larunbatera bi linea zirkular bete beharko dira erdigunea Ugarkalde eta Kasablanka auzoekin lotuz, orain arte bezala, eta San Martin auzoko zerbitzua ere mantenduko da. Gainera, uda sasoian Usakora zerbitzua jarriko da eta abuztu erdiko asteetan zerbitzuaren maiztasuna jaistea aurre ikusten bada ere, ez du etenik izango jai egun seinalatuetan izan ezik. Eta horietan, eta domeketan, Arantzazurako zerbitzua beteko du enpresak. Kasu honetan udako eta neguko ordutegiak bereizten dira, orain arte bezala. Oraindik ez da zehaztu Leintz Garraioak noiz hasiko den herriko autobus zerbitzua eskaintzen baina laster izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!